60 DONOSTIA ZINEMALDIA
Susan Sarandon eta Richard Gere, diruzale asegaitzen kontra
Nicolas Jarecki zuzendari gaztearen «Arbitrage»-k ireki zuen atzo Zinemaldiko Sail Ofiziala. Richard Gere eta Susan Sarandon protagonista dituen finantza munduko thriller honek bide eman zien bi aktoreei AEBetako enpresari diruzaleen eta Alderdi Errepublikanoaren aurka jotzeko.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
AEBetako politika auzitan jartzeko balio izan zuen atzo «Arbitrage» (Iruzurra) pelikularen aurkezpen prentsaurrekoak. Richard Gere (Philadelphia, 1949) eta Susan Sarandon (New York, 1946) protagonistek gogor kritikatu zuten enpresaburu diruzaleen portaera, Gerek pelikulan hezurmamitzen duen Robert Miller enpresaria kasu. «Sistema judiziala ez da ongi funtzionatzen ari AEBetan. Ez dakit Europan nola ibiliko zareten... Besteen diruaz jabetu direnak ez dituzte zigortzen. Ez hori bakarrik, batzuk Gobernuan daude gainera».
Nicolas Jarecki (1979) zuzendari gaztearen lehenengo film luzea da «Arbitrage», atzo Zinemaldiko Sail Ofiziala zabaldu zuena. Zuzendaria, ezezaguna, baina bi aktore protagonistek ikusmina piztu zuten hirian eta inguruetan: Sarandon Bilboko Guggenheimen izan zen ostegunean eta Gerek Getariako Elkano jatetxean bazkaldu zuen atzo. Donostian ezagunak dira biak ala biak; ezagunak bakarrik ez, sarituak ere izan baitira. Susan Sarandonek 1995ean jaso zuen Donostia Saria eta Richard Gerek, berriz, 2007an. Peter Chelsomen «Shall we dance?» (2004) pelikulan ikusi genituen elkarrekin dantzan eta bien arteko konplizitatea agerian utzi zuten atzo ere. «Oso erraza izan da elkarrekin lan egitea, aspaldidanik ezagutzen dugu elkar eta papera ere horixe zen», esan zuen Sarandonek.
New Yorkeko finantza munduko enpresari baten istorioa kontatzen du «Arbitrage»-k. Sekulako pagotxa zelakoan sartu da negozio batean eta Errusiako Gobernuaren ezusteko erabaki batek hankaz gora jarriko ditu bere aurreikuspenak, zorpean ez geratzeko zenbakiak faltsutzeraino. Etxean, emazteak -Sarandon- eta seme-alabek gizon eredugarria dutelakoan jarraitzen dute. Gauzak okertu egingo dira, ordea, Millerrek bere burua bere maitalearen hilketan nahastuta ikusten duenean, batetik, eta bere alaba, enpresako kontuen arduraduna, iruzurraz jabetzen denean.
Pelikulan Geren uneoroko presentziak Sarandon bigarren maila batean utzi izanaz galde egin zioten bigarrenari, eta honek umorez erantzun zuen: «Uste dut nire pertsonaia Richardenari zerbitzatzeko idatzi zela, baina egia da horrelako istorioetan, ez dela jakiten etxean zer gertatzen den. Murdoch-ek galera haiek izan zituenean, auskalo zein izan ziren haren etxeko elkarrizketak», esan zuen. Geren ustez, «istorio honetako ahots moral indartsuena da emaztearena. Ez da engaina dezakezun pertsona bat».
«Guztiok ditugu akatsak»
Gaiztoen eta zintzoen bereizketaren gainetik, gizaki akastunak daudela azpimarratu nahi izan zuen Gerek. «Garrantzitsua izan da niretzat pertsonaia bere osotasunean lantzea, arazo hauen guztien artean igeri egiten asmatzen du eta azkenean irabazle ateratzen da». Hala ere, gauden krisi garaian egonda eta AEBetako hauteskundeen atarian, pelikulako protagonisten bizimoldea kritikatzeko aprobetxatu zuen, Alderdi Errepublikanoaren kontra joz. «Errepublikano askorekin eztabaidatu izan dut gai honi buruz. Euren irabaziei baino begiratzen ez dietenak daude, batetik, eta bestetik demokratok, gure herriko pobreak nola zaindu kezkatzen gaituenak. Beti esaten diet gu ez gaudela diru asko irabazten dutenen kontra, baina zekenkeriak, diru-goseak mintzen gaituela. Guztia `batura zero' joko bihurtu dute eta arau horiek aldatu beharra dago».
Ildo beretik jarraitu zuen Sarandonek. Aktorea ezaguna da ezkerreko politiken defendatzaile gisa egindako ekintzengatik; New Yorken egindako protesta batean atxilotu zuten aktorea eta Barack Obamaren aurreko kanpainan ere parte hartu izan zuen. «Mundu guztiak desio du bere familiarentzat onena. Ezberdintasuna, ordea, familiaz dugun definizioan dago. Filosofia oso ezberdina da, ez da arazo politikoa bakarrik». Gerek gehitu zuen «harremanekin, sentimenduekin» duela zerikusia. «Gakoa da bakoitzak nola definitzen duen bere zoriontasuna. Enpresari hauentzat dirua ez da nahikoa, irabazi edo galtzearen joko horrek mantentzen ditu bizirik».
Hala ere, elkarrizketa pribatu batean «Pretty woman»-eko protagonistak aitortu zuen Barack Obamaren politikarekin desengainatuta sentitzen dela, «baina ez beste alderdiaren alde bozkatzeko bezainbeste», erantsi zuen. «Uste dut Obamak duela lau urte botoa eman genionean nahi genuen presidentea izateko aukera duela orain».
Thriller ironikoa
Nicolas Jarecki zuzendaria zertxobait itzalean gelditu zen prentsaurrekoan, ondoan zituen bi izarrekin -mugikorrarekin publikoari eta aktoreei eurei argazkiak ateratzen ere aritu zen-. Thriller dramatiko honetan umorea sartu izana eskertu zioten hainbat kazetarik eta gustura entzun zituen hitz horiek: «Woody Allenen fan amorratua naiz eta bere pelikula ilunenetan ere umore handia dago. Uste dut aktoreek sekulako emozio gama interpretatu behar izan dutela».
Bere lehen proiektuan maila honetako aktoreekin lan egiteko aukera izateagatik pozik agertu zen; «zuzendari berriekin ausartzen dira eta hori eskertzekoa da. Bikaina izan da bien arteko kimika horrekin lan egitea».
Izan ere, zinema egiten bost hamarkada daramatzala gogoratu zuen Gerek. «Duela bost urte, Donostia Saria eman zidatenean, nire lanei buruzko bideo bat prestatu zuten eta plazer bat izan zen aktore moduan nola hazi naizen ikustea. Ez nuen sekula nire karreraren diseinurik egin hasieran».
Sarandonek, aldiz, «pertsonaia anitzen aktore» gisa ikusten du bere burua. «Paper txikietako pelikulak egiten ditut, baina beti pertsonaia ezberdina interpretatzen saiatzen naiz. Gaztetan ikasi nuen aktoreek interpretatu egiten dutela eta horregatik ez ditut gustuko euren burua behin eta berriro antzezten duten aktoreak».
«Sistema judiziala ez da ongi funtzionatzen ari AEBetan, ez dakit Europan nola ibiliko zareten... Besteen diruaz jabetu direnak ez dituzte zigortzen. Ez hori bakarrik, batzuk Gobernuan daude gainera», esan zuen Richard Gerek.
«Mundu guztiak desio du bere familiarentzat onena. Ezberdintasuna, ordea, familiaz dugun definizioan dago. Filosofia oso ezberdina da, ez da arazo politikoa bakarrik», bereizi zituen Susan Sarandonek Alderdi Errepublikanoa eta Alderdi Demokrata.
Nicolas Jareckiren lehen lana izan da «Arbitrage» eta maila honetako aktoreekin lan egin ahal izana eskertu zuen: «Zuzendari berriekin ausartzen dira eta hori eskertzekoa da. Bikaina izan da bien arteko kimika horrekin lan egitea».