Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Primo Levi gogoan (eta II)
Izan ere, inguruan dituzten objektuei, egunerokotasuna deitzen den horri, heldu ahal zion Levik Pikolori italiera irakasteko. Alabaina, kontzentrazio esparruko egunerokotasuna problematikoa zaio egileari. Hain zuzen, hura egunerokotasun arruntzat jotzea barbariea naturalizatzea litzateke. Are gehiago, Auschwitz bere nortasunaren parte bihurtuko luke, pertsona moduan definitzen duen esperientzia bailitzan. Levik ez du horrelakorik, ordea.
Ezer izatekotan, Auschwitz Leviren bizitzan eta memorian haustura unea besterik ez da. Bere izena eta izana beste espazio bati loturik daude. Espazio hori ondoen definitzen duena Dante edo, hobeto esanda, haren obra da. Dante eta haren «Divina Commedia» italiar kulturaren eta hizkuntzaren ikurrak dira. Hauxe da Levik berezkotzat duen (edo jo nahi duen) nortasuna. Danteren hitzak gogora ekarriz bera parte den kultura orainaldi bihurtzen du, kultura hori Auschwitz inguratzen duten hesietatik urrun egon arren. Danteren hitzek, italiar kultura eta hizkuntzaren sinbolo diren aldetik, Auschwitz aurreko eta haren osteko bizitzaren arteko lotura bermatzen dute. Kontzentrazio zelaian dela, Danteren hitzek bere nortasuna eta gizatasuna gogorarazten diote Leviri. Haiek irakatsita, Auschwitz ez dela mundua adierazi nahi dio Pikolori, hura egunerokotasun moduan bizitzera iritsi badira ere. Auschwitz espazio distopikoa da, gizatasunaren distortsioa. Are gehiago, gizatasunaren beraren ukazioa da. Kontzentrazio esparruko bizi baldintzak naturalizatzea, hango bizimodua beren (Leviren eta Pikoloren) bizimodua dela onartzea, gizatasunaren porrota litzateke.