GARA > Idatzia > Kultura

Guggenheimek webgune berria dauka, diseinu modernokoa, atsegina eta erabilerraza

Guggenheim museoak 15. urteurrena dela-eta webgune berria estreinatu du: «www.guggenheim-bilbao.es». Diseinu modernoko orrialde honek publikoari sareko edukiez gozatzeko aukera emango dio.
p054_f01_98x141.jpg

GARA | BILBO

Guggenheim Bilbao Museoak bere 15. urteurrena ospatzeko ekintzekin jarraitzen du, eta lan horretan webgune berria prestatu du: www.guggenheim-bilbao.es. Diseinu modernoa du, eta itxura atseginekoa eta erabilerraza da, edonolako publikoak sareko edukiez ahalbait ondoen gozatzeko prestatu baita. Bisitariek, Museoaren Lagunek, kide korporatiboek, ikasleek, irakasleek eta beste hainbatek modu intuitiboagoan erabili ahal izango dituzte multimedia eduki eta tresna berriak, eta gainera, truke gehiago egiteko aukera izango dute.

Museoko arduradunek jakinarazi zutenez, webgune berria Guggenheim Bilbao Museoak berak eta UTE LIN3S eta BA! Creativos enpresek garatu dute. Lau hizkuntzatan eskuragarri dago eta askotariko euskarrietara egokitu da diseinua, hots, telefono, tablet zein ordenagailu bidez bistara daiteke behar bezala, pantaila bereizmen guztietara egokitzen baita. Horrela errazten da informazioa eskuratzea.

Bisitaldiak

Bisita prestatzeko baliabideek dute leku gailena. «Prestatu zure bisitaldia» atala berritu egin da: errazago hel daiteke askotariko informazio baliagarrira, hala nola ordutegiak, sarreren prezioak, zerbitzuak eta abar. Era berean, azpiatal bat eskaini zaie («Baliabideak») bisitaldia osatzen laguntzen duten euskarriei, hau da, liburuxka, aldizkari eta telefonoetarako aplikazioei, besteak beste.

Bestelako informazio interesgarria eskaini da «Turismoa» azpiatalean; bertan, bidaia-gida txiki modura, Bilboko, Bizkaiko eta Euskadiko toki turistikoen eta jarduera erakargarrien ingurukoak azaltzen dira.

Bilduma

«Zer ikusi» da beste atal garrantzitsu bat, interfaze atsegin eta irakurterrazekoa. Bertan, erakusketen, Guggenheim Bilbao Bildumaren eta eraikinaren gaineko edukiak daude, hurrenez hurren, azpiatal hauetan: «Erakusketak», «Bilduma» eta «Eraikina». Arte-egitaraua azaltzeko euskarri multimedia dinamikoagoa aukeratu da, mikroguneak, hain zuzen, informazio zabalagoa eskaintzeko; etorkizuneko erakusketen ingurukoak zein aurreko erakusketen biltegia eskuragarri daude atal horretan.

Halaber, Guggenheim Bilbao Bildumaren artelanetan sakontzeko taxutu da «Bilduma»: irudiak bereizmen handian eta kalitate hobezinean ikus daitezke, bistaratze formatu aberatsa dela eta. Azkenik, «Eraikina» atalean bideoak eta argazkiak daude, eraikinaren barrualdea eta kanpoaldea eta eraikuntza jasotzen dituztenak; Frank Gehryren lanaren txoko guztiak ezagutzeko aukera izango dute erabiltzaileek, baita euren iritziak partekatzeko ere, Twitterren iritziak bertan jasoko baitira -hala, museoaren hedabide digitalen arteko elkarrekintza handituko da-.

Atal gehiago

«Zer ikasi» eta «Jarduerak» ataletan hezkuntza-ekimenak daude, dataren, publikoaren eta jarduera-motaren arabera sailkatuta. Horrek nabigazioa erosoagoa egiten du. Jardueren azpiatalaren barruan, tarte bat eskaini zaio Art After Dark ziklo arrakastatsuari: horren inguruko multimedia euskarriak daude eta erabiltzaileek bertan eros ditzakete sarrerak, izena eman ondoren. Atal horren diseinua gazteei zuzendu zaie eta dinamikoa eta bizia da.

«Babesleak eta kideak» atalean kide korporatiboek eta Museoaren lagunek haien txokoa dute; azken horiek «Azken ordua» azpiatal berriaz goza dezakete. «Sareko denda» ere berritu egin da: diseinua eta e-commerce funtzionaltasuna hobetu dira, aiseago aurki ditzaten erabiltzaileek salgaiak eta eskaintza bereziak.

Sare sozialak

Azkenik, aipatzekoa da sare sozialak erabiltzeko botoiak (Twitter, Google+ eta Facebook) gehitu direla «Bilduma» eta «Jarduera» ataletan. Horrela, edukia instant batean edonora zabaltzeko aukera eskaintzen da.

Webgune berria W3C HTML5 eta CSS3 ereduen arabera garatu da eta Wordpress da kudeatzailea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo