GARA > Idatzia > Kultura

Mitxel Gaztambidek gaur jasoko du Zinemira saria

GARA | DONOSTIA

Mitxel Gaztambide gidoigileak gaur jasoko du Zinemira saria. Euskal Zinemaren Galaren baitan egingo da sari banaketa, Donostiako Bataplan diskotekan, 23.00etan hasiko den jaian.

1959. urtean Frantziako Vaucluse departamenduko Apt udalerrian jaioa, Donostian bizi da Mitxel Gaztambide. Euskal Herrian azken hamarkadetan egin diren hainbat zinema ekoizpenetan parte hartu du. 1990ean «Santa Kruz apaiz gudaria» filmean hasi zen gidoilarikide gisa, Jose Maria Tudurirekin. Felix Rotaetarekin eta Julio Medemekin aritu ondoren, Enrique Urbizu bilbotarrarekin hainbat lan egin ditu: «La caja 507», «La vida mancha» eta «No habrá paz para los malvados». Azken hori iazko Zinemaldian aurkeztu zen eta jatorrizko gidoi onenaren Goya saria ere eskuratu zuen. Beste hainbat pelikuletako gidoilaria ere izan da: «Un poco de chocolate» (Aitzol Aramaio) eta «El idioma imposible» (Rodrigo Rodero). Aurtengo Zinemaldian Iñaki Elizaldek zuzendutako «Baztan» lana aurkeztuko du.

Mitxel Gaztambidek honako film laburrak ere zuzendu ditu: «Vidas imaginarias» eta «Hombre sin Hombre». Ramon Bareak zuzendutako «Muerto de amor» film laburraren gidoia ere sinatu zuen.

«Moscas en los incunables» poesia liburua ere kaleratua du Huacamano argitaletxearekin. Bartzelonako argitaletxeak gazteleraz idazten duten Donostiako bost idazleren lanak argitaratu zituen, tartean Gaztambideren liburua. Zinemagintzak uzten dion tarteetan idazten du poesia. «Denok ditugu bekatutxoak...», aitortu izan du. Gidoilariak, berriz, «emozioak idazten espezialistak garen teknikoak» bezala definitzen ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo