GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Itxaropena

Esperanza Aguirre badoa. Betiko pertsonaia politiko horietako bat zirudien, aulkia inolaz ere uzten ez duten horietakoa, baina ez da Esperanzaren kasua izango. Bere ohiko estiloari eutsiz, itzulingururik barik, bizitza politikoari utziko diola iragarri zuen joan den astelehenean. Denak utzi ditu zur eta lur, bere alderdikideak lehenak, antza. Horien artean, bereziki, bere alde eta bestearen kontra agertu direnak, umezurtz utzi balitu bezala, alderdian izandako pisuaren seinale.

Ezin da ukatu Esperanza erabateko irudi politikoa izan dela Espainiako Estatuko agertokian. Ez da izan artaldeko ardi otzan bat, edonori men egin diona; kargu politiko garrantzitsuak izan ditu -zinegotzia, senataria, ministroa, Senatuko eta Erkidegoko presidentea-; bere lantaldeak pertsonalki osatu eta desegin ditu -lankideen fideltasuna nirekin edo nire kontra bezala ulertuta-; bai oposizioko alderdiak eta politikariak bai bere alderdikoak kritikatzeko orduan ez du bozgorailua itzali, noren alde dagoen eta noren alde ez dagoen garbi agertuta beti; bere Madrilgo Erkidego maitean kontrola edukitzeko eta gauzak berak ulertu moduan egiteko borroka egin du, eta sutsuki, gainera, langile peto-petoa dela erakutsita; eta, batik bat, irudi politiko hori izatera iristeko, alderdiko jaun handien itzalpean egotera mugatu barik, zerrendan sartu beharreko beste emakume-izen bat ez izateko asmo irmoaz, oso ondo jakin izan du prentsa maneiatzen, azalean etengabe agertzeko eta nabarmentasuna erdiesteko egin beharrekoak eginez. Estiloa arretaz zaindu duela agerian dago, bai bere burua adierazteko eta politikan aritzeko erari dagokionez, bai kanpoaldeari -itxurari- dagokionez. Eta hor izan da horren guztiaren emaitza luzaroan, ibilbide politiko luze eta sendoa egin baitu emakumeak, hain zuzen emakume bati buruz ari garelako horren bitxia.

Dimititu duela-eta asko idatzi da bere inguruan Espainiako prentsan; maite duzu edo gorroto duzu, hori da atera daitekeen ondorio nagusia, alegia, Esperanzak ez duela inor epel uzten. Izan ere, nortasun sendoekin, kikiltzen ez direnekin, beti jomugan dabiltzanekin, hori gertatzen baita beti. Neuk ez dut maite, ez zait gustatzen bere ideologia, ez eta bere larderia ere, eta ez zait batere axola zergatik doan eta nora doan, egia esan, baina, berarekin ados egon ala ez, politikaren mundu guztiz matxistan meritua izan duela ezin zaio ukatu, ezkutalekuan geratu ez eta jardun egin baitu, gogor, ziurrenik horregatik hain juxtu: emakumea izanda besteek baino borroka gehiago egin behar izan duelako, bere balioa erakustearren, gainerako politikarien errespetua irabaztearren.

Ideologia alde batera utzita, halako politikari gehiago nahi ditut, geurean, batik bat. Nortasun indartsuko emakume gehiago behar ditugu politikan, geure ikuspuntuak eta ahotsak erabakietan txertatzeko, erabakiok justuagoak eta denontzat onuragarriagoak izateko. Agian, Euskal Herrian, laster izango dugu aukera emakume bat boterean jarrita zer egin dezakeen egiaztatzeko. Esperanza ez, itxaropena dut nik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo