Euskaltzaindiak Hiztegi Batuko 20.000 hitz adibideekin azaltzen dituen lehenengo hiztegi elebakarra aurkeztu du
GARA | BILBO
Euskaltzaindiak lehenengo hiztegi elebakarra aurkeztu zuen atzo Bilbon duen egoitzan. «Euskaltzaindia Hiztegia. Adierak eta adibideak» izeneko lanak Ibon Sarasolak Hiztegi Batuan bildutako lehenengo 20.000 hitzak azaltzen ditu, bakoitzaren definizioaz gain, kategoria gramatikala, erregistroa, euskalki-marka eta aditz-erregimena adibide erabilgarri eta ulerterrazekin osatuz.
Lan berria Euskaltzaindiak Elkar argitaletxearekin eta Elhuyar Fundazioarekin jarri du abian. Argitalpena «mugarri berri bat» da euskararentzat, Andres Urrutia euskaltzainburuaren esanetan, eta euskararen normalizazioari lagunduko dio.
Izan ere, beste hizkuntzetan honelako lanak ohikoak badira ere, akademiak lehen aldiz argitaratu du euskara-euskara hiztegi bat. Honek irakurleari hitzak egoki erabiltzen lagunduko dion informazioa dauka.
Hiztegia atzo aurkeztu bazuten ere, atzetik urte askotako lana duen prozesu bat jarraitu du Euskaltzaindiak. 1968an Koldo Mitxelenak euskal hitzak euskaraz deskribatu zituen hiztegi bat lantzeko kontuan hartu behar ziren irizpideak finkatu zituen. Ondoren Orotariko Euskal Hiztegia argitaratzen hasi ziren, hamasei liburukitan (14.000 orrialde).
Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak 40.000 hitz forma biltzen ditu, eta horietatik erdia hiztegi berrian ahalik eta erarik onenean azaltzea lortu dute. Gainerako 20.000 hitzekin ere hasi dira lanean, datorren argitalpen batean gehitu ahal izateko.
Hiztegia ez da soilik hizkuntzalari eta hiztegigileei zuzendutakoa, publiko orokorrari baizik, hau da, gramatika ezaguera askoz urriagoa dutenei begirakoa, eta horregatik informazioa ematerakoan euskararen literatura-tradiziotik eta egungo testu eredugarrietatik hartutako adibideekin hornitu dute.