«Barkamena, kondena, tortura» estatuak kontzientziak kontrolatzeko hiru modu makur
Barkamena, kondena, tortura» saiakeran, azkenaldion Euskal Herrian boladan dagoen gai baten gaineko hausnarketa eskaintzen du Joxe Azurmendi filosofoak. «Estatua kontzientzien kontrolatzailea» azpitituluak ematen du gaiaren berri, eta izenburuko hiru elementuek Estatuaren kontrol horretarako hiru modu aipatzen dituzte: «Terroristek eta euren lagunek damutu egin behar dute eta barkazioa eskatu» esaldi ezaguna da lehena; bigarrena, eskubide zibilak izateko «bortxa kondenatu» beharra, eta hirugarrena, egilearen hitzetan, «terroristak esaten diren horiek benetan kontzientzia absolutuki kontrolatzeko torturatu egiten dira». Hala ere, tortura espainiar legearen arabera krimena denez, «ez dauka existitzerik». Eta torturaren eta bere bortxaren ukoarekin jendearen kontzientziak lasaitzen omen ditu. Kontzientzia on hori da, behiala erlijioaren antzera, Estatuaren bermea.
Hausnarketa beharrezko eta ondo funtsatua eskaintzen du filosofo zegamarrak, ohi duen bezala. Izan ere, haren lanetan zorroztasuna sumatzen da barrenak agindutakoa baino, eta argudio sendoz utzi ohi ditu Estatuaren eta oro har boterearen mekanismoak agerian.