GARA > Idatzia > Ekonomia

Nekazaritza ministroak parte hartuko du Biarritzen egingo den Lurraman

Urriaren 19, 20 eta 21ean izango da aurtengo Lurramaren zazpigarren edizioa, iaz bezala, Biarritzeko Irati aretoan. Aurten, besteak beste, Nekazaritza ministroak hartuko du parte. Herri laborantza iraunkorra bultzatzen duen erakustazokak egitarau oparoa izango du.

p022_f02_ONA.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Aurtengo Lurraman, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren ekimenez sortutako erakustazokan, Gobernuko ordezkari batek hartuko du parte: Stephane Le Foll Nekazaritza ministroak, hain zuzen ere. Bere presentzia, gainera, ez da bisita ofizialera mugatuko, Europako Nekazaritza Politika Komuna (NPK) hizpide izango duen mahai-inguru batean ere parte hartuko baitu.

Hala jakinarazi zuen Lurrama elkarteko presidente Maryse Cachenautek, atzo, Biarritzen, «laborantza iraunkorra eta herrikoia» ezagutaraztea xede duen azokaren zazpigarren edizioaren nondik norakoak aurkeztean.

NPKren eztabaida 2013ko urte osoan mahai gainean izango denez, antolatzaileek «biziki inportantea» deritzote ministroarekin zuzenean eztabaidatu ahal izateari, aipatu xedea jarraitzeko nolako laguntza banaketa, nolako laborantza eta nolako elikadura politika sustatu beharko litzatekeen adierazteko.

Lurramako lehen egunean, urriaren 19an, 15.00etan burutuko den debatean Jose Bove eurodiputatua, Mixel Berhokoirigoin EHLGko presidentea eta Aurelie Trouve ATTAC-eko presidente eta nekazaritza gaietan aditua izango ditu mahaikide ministroak.

Trouve izango da, hain justu, aurtengo edizioaren «ama pontekoa». Ingeniari agronomoak nolako laborantza eta elikadura politika behar dugun aztertuko du larunbatean 18.00etan.

Aveyron gonbidatua

Horrez gain, Aveyron departamendua izango da aurtengo gonbidatua. Bertako berezitasunak, ekoizpenak, kabalak eta gastronomia ezagutzeko parada izateaz gain, eskualde horretako laborarien arazoak ere azalduko dituzte handik jindako laborariek. Besteren artean, 70eko hamarkadan laborantzako lurretan eremu militar baten hedatzearen aurka Larzac-en izandako borroka arrakastatsua jasotzen duen dokumentala izango da ikusgai, larunbatean 15.30ean («Les brebis font de la résistance»).

Azokaren atariko gisa ere, urriaren 12an beste film bat proiektatuko da Biarritzeko Le Royal zineman («Hors de sentiers battus»).

Horrez gain, dagoeneko ohiko bilakatu diren kabalen erakusketa, tailerrak, animazioak, lehiaketa gastronomikoak (aurten axoa da prestatu beharreko platera), haurrentzat jokoak, ekoizleen azoka egunero, kontzertuak, zikiroa eta 800 pertsonarentzat chef handiek prestatutako bazkaria igandean.

Egitarau osoa Lurrama.org helbidean kontsulta daiteke.

HIRU EGUN

Aurten Lurramaren egutegia aurreratu dute. Urriaren 19, 20 eta 21ean izango da. Ostirala bereziki ikasle gaztetxoei zuzendua izango da. Iaz, hainbat ikastetxetatik etorritako 1.600 ikaslek bisitatu zuten erakustazoka.

IRATi aretoan

Iazko arrakasta ikusirik, aurten ere Biarritzeko Irati aretoa (Halle d'Iraty) hautatu dute Lurrama egiteko. 15 urtetik goitikoek 4 euro ordaindu beharko dituzte. Ostiralean goizeko 10.00etatik 14.00era doan sartu ahal izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo