GARA > Idatzia > Kultura

ęTortura da Estatuak kontzientziak apurtzeko duen arma deabruzkoenaĽ

«Barkamena, kondena, tortura. Estatua kontzientzien kontrolatzailea» saiakera eman du argitara Joxe Azurmendi filosofo zegamarrak Elkar argitaletxearekin. Estatuak, garai batean erlijioak betetzen zuen papera hartuz, kontzientzia onak eta txarrak sortzeko eta kontrolpean izateko praktikan jartzen dituen tresnen gainean hausnartzen du, baita euskal herritarrei ezartzen zaizkien erruduntasun kolektiboez, politiko edo etiko-moralez.

p038_f01_199x116.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Barkamena, kondena, tortura», edo, azpitituluak dion moduan eta Joxe Azurmendik zehaztu bezala, Estatuaren hiru praktika modu kontzientziaren kontrolerako. Lehenago Elizak zeukan papera hartu du Estatuak filosofo eta, idazle zegamarraren ustetan, jaiotzen garenetik hiletaraino: «Estatua zure barruan dago, omnipresente, ezin zaio eta ez dago zertan erabat ihes egin. Haren etengabeko kontzientzien inbasioari mugak jarri, bai, batez ere espainola bezalako Estatuetan eta bakearen ingurukoa bezalako arazoetan. Lehenbiziko urratsa inbasio horren kontzientzia hartzea da. Are gehiago, moralarekin politika kamuflatu eta moralaren izenean politikoki bortxatu nahi bazaitu».

Hiru saiakeraz osatuta dago 152 orrialdeko liburua. Euskal Herrian bizi dugun egoera berri honetan ahoz aho dabilen eztabaidan barneratu da Azurmendi; «soluziorik ez dut ematen, baina bai meditazio bat», azaldu zuen atzo. Estatuak kontzientzien kontrolerako duen makineria hiru ataletan bereizten du. Batetik, «terroristek eta euren lagunek damutu egin behar dute eta barkazioa eskatu»; bestetik, «bortxa kondenatu egin behar da, norbait publikoa izateko eta eskubide zibilak izateko»; eta azkenik, «terroristak esaten diren horiek, benetan kontzientzia absolutuki kontrolatzeko, torturatu egiten dira».

Izan ere, filosofoaren esanetan, kontrolatzeko ez ezik, «kontzientziak apurtzeko Estatuak daukan armarik deabruzkoena tortura da». Baina hemen dator gakoa, «badakigu Espainian tortura ez dela existitzen. Espainiako legean tortura krimen bat da eta beraz, ez dauka existitzerik», ez behintzat, Azurmendik zehaztu bezala, Estatuak funtzionatuko badu.

Horretan datza, azken finean, kontzientziaren kontrolak. Estatuak ongi funtzionatzeko publiko baten onarpena behar baitu: «Alemanek ez omen zekiten Auschwitzen juduekin gertatzen ari zena, frantsesek ez omen zekiten abertzale aljeriarrak hiltzeraino torturatzen zituztela, eta hedabide espainolek badakite Guantanamon zer gertatzen den, baina Madrilen edo Intxaurrondon komisarietan zer gertatzen den ez omen dakite», jarri zuen adibide zegamarrak.

Galde liteke nola lortzen duen Estatuak praktika hau aurrera eramatea. «Estatuaren krimenak eta biolentziak ukatu, ezkutatu, makillatu egiten dira -esan zuen- eta, zoritxarrez, ez zaio asko kostatzen, ze publikoak sinistu nahi duena horixe da hain zuzen: Estatuak, beharbada gogor samar batzuetan, baina gauzak zuzen egiten dituela. Eta hain zuzen, publikoak hori sinistu nahi duelako, Estatuak torturen edo bortxaren ukoarekin, publikoaren kontzientziak lasaitzen ditu, eta kontzientzia on hori da Estatuaren bermea, lehenago erlijioa izaten zen bezala».

Onak egoteko, txarrak behar

Bortxaren «kondenamaniaz» mintzo da Azurmendi bigarren kapituluan. Bere esanetan, Euskal Herrian azken boladan bizitzen ari garen eztabaida hau Estatuak beharrezko du, probokatu egiten du, gehiengo on bat izateko beharrezko baititu kontzientzia txarrak. «Estatuak gehiengoaren kontzientzia zaintzen du eta neurri berean, gutxiengoaren kontzientzia txarra xaxatzen du horregatik, gehiengoa ona izateko, gutxiengo txar edo gaizto bat behar delako. Bestela, nola jakin gehiengoak bera on-ona dela?».

Barkamenaren inguruan, berriz, erruaren gaia sartzen da tartean eta erlijioak egin ohi duen moduan, erru morala aipatzen du. Azurmendik Euskal Herria Alemania naziarekin konparatzen duten hainbat testu aipatzen ditu; «paralelismoa oso txarra da», esan zuen, ordea, «eta ematen ari diren informazioa gezurra da». Zentzu honetan, juduek jasandakoaren errua «politikoa da? etiko-morala? erlijiosoa...?», galdetu zuen. «Eta Euskal Herrian gertatu den bortxaren errua, ETArena da? Euskaldun guztiona? Erru kolektibo bat da?». Kolektibotasun hori aipatzen duen testu mordoa aztertu du Azurmendik. Azkenean, nazientzat «erru kolektiboa» zuten juduek, eta «orain herri oso bati aplikatzen diote; hau da, nazismoaren praktikak ari dira erabiltzen», adierazi zuen.

Erru kolektiboak bai, baina eskubide kolektiboez ez omen dute hitz egiten, «bestela eskubide nazionalak ateratzen zaizkio Estatuari eta hori arazo bihurtzen zaio».

ERANTZUKIZUNA

«Torturak salatzean, Barne ministroak hori gezurtatzeko salatzaileari frogak eskatzen dizkio. Baina salatzailea frogarik gabe uzten duten baldintza berberek uzten dute Barne ministroa frogarik gabe. Baldintzak berak ipiniak dira, beraz frogarik ez badu, bere errua da. Bera da lehenengo erantzulea, bera baita torturaren krimenik ez egoteko kargua daukana».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo