GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

ęZaleen babesak nire lana hain eskasa ez dela izan adierazten ditĽ

Amets TXURRUKA I Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia

Etxebarriko txirrindularia Lombardiako Giroan aritu zen azken aldiz laranjaz. Nahiz eta egun hauetan zaleak, komunikabideak eta bere lankideak bere bajaren kontra azaldu, Txurrukak ez du uste Igor Gonzalez de Galdeanok atzera egingo duenik, eta nahiago du orain beste bide bat jarraitu. Onartu du ez zuela inola ere baja izango zenik espero, Euskaltelen izan den sei urteetan egin duen lana baloratu dutelako.

p043_f01_97x168.jpg

Joseba ITURRIA I

Igor Gonzalez de Galdeanok eskatuta Vueltan urteko hirugarren itzuli handian parte hartu zuela azpimarratu du Txurrukak eta Tourrean eta Vueltan jarraituko zuela adierazi ziola. Horregatik bere bajak harrituta utzi du Etxebarrikoa.

Denboraldia bukatutzat eman duzu jadanik?

Bai, Lombardiako Giroa izan da laranjaz jantzita azken lehiaketa. Ondo sentitzen nintzen, baina zoritxarrez, Philippe Gilberten erorikoaren ondorioz min hartu eta bertan behera utzi behar izan nuen.

Zer sentitzen duzu Euskalteleko arroparekin egiten ari zaren azkeneko entrenamenduetan?

Zaleen maitasuna eta babesa! Beti animatu naute, baina egunotan are gehiago. Horrek azken urteotan egindako lana horren eskasa ez dela izan adierazten dit eta aurrera jarraitzeko indar handia ematen dit.

Nola zaude animoz Gonzalez de Galdeanok jarraitzeko aukerarik ez zenuela izango jakinarazi zizunean? Espero zenuen hori?

Ez nuen espero ez, inondik ere! Izandako lesio eta zoritxar guztien ondoren eman dudan kirol maila ez dut uste horren txarra izan denik. Argi dago barruan dudan guztia ematea oztopatu didatela lesioek azken urteotan baina... hala ere, lehiaketa garrantzitsuenetan hor egon naiz!

Horren erakusgarri taldeak eskatuta, hiru handietako irteeran egon naizela aurten; tropel guztian neu eta beste bat bakarrik izan gara. Are gehiago, Igor Galdeanok berak eskatuta etorri nintzen Vuelta honetara. Gainera Tourrean esan zigun gu aintzat gintuela, Vueltan berriz ere talde-lana egin behar genuela proiektua aurrera ateratzeko eta... amaitu eta astebetera, telefonoz kontrakoa!

Txirrindularitzan izan duzun momentu zailena izan da?

Ez, inondik ere ez! Askoz momentu zailagoak pasa izan ditut, behin eta berriro lesioak gainditu eta lehenbailehen lehiakor egoteko, lan handia egin eta une zail asko pasa behar izan ditut! Neskalagunak eta etxekoek bakarrik dakite momentu horiek nolakoak izan diren. Txirrindularitza ez da Euskaltelen bukatzen, eta espero gabeko kolpe gogorra izan bada ere, aurrera egingo dut.

Inork ezin du ulertu aurten hiru handietan aritu eta Vueltan Top30ean sailkatu ondoren baja jasotzea... Nola baloratzen dituzu Euskaltelen egon zaren sei urteak?

Ni baloratua sentitzen nintzen taldean. Horren adierazgarri da aurten Giro, Tour eta Vueltara eraman nautela, baita sei urte hauetan sei Tour, bost Vuelta eta Giroan parte hartu izana ere. Lehiaketa garrantzitsuenetan parte hartu dut eta, gainera, nire lana ahalik hobekien egin eta taldekide eta zuzendariek eskertzen zidaten; zaleek zer esanik ez!

Gustura egon naiz eta oso balorazio ona egiten dut sei urte hauena, egindakoak proiektu berrirako baliorik ez baldin badu... Zer egingo diogu ba!

Azkeneko urteetan talde-lana egiteko eskatu dizute proba nagusietan. Lan hori ez dizute baloratu jarraitzeko eta lan horrekin zaila da puntuak lortzea...

Bai, ezin daiteke dena egin! Talde-lana egin, errematatu eta puntuak ateratzea ezinezkoa da.

Hemendik aurrera Euskaltelen talde gisa lan egiteko ezaugarri hori airean gelditu daiteke eta bakoitzak bere puntuen bila joateko tentazioa izan dezake?

Noski! Aurtengoa ikusita, neronek ere hala jokatuko nuke! Zertarako egin taldearen mesedetan lan, gero punturik ez duzula-eta kaleratzen bazaituzte?

Euskaltelek izan ditzakeen 28 txirrindularietatik soilik 12ren puntuak hartuko dira kontuan. Puntuena ez al da aitzakia?

Horregatik dira talde bakoitzean hamabi bakarrik puntuatzen dutenak. Batzuek puntuak atera ditzaten beste batzuek talde-lana egin beharra dute. Puntuena ez da oso aitzakia arrazoitua.

Hori zioten Euskalteletik atera diren zazpi txirrindulariek. Ez zuten ulertzen atzerritarrak fitxatzea, beste taldeetan puntuak dituzten euskaldunen ordez. Etorkizunean euskaldun onenak Galdeanorekin Euskaltelen elkartzeko aukera zailagoa izango da?

Bai, zailagoa izango da. Proiektu berria hartzen ari den norabidea asko aldentzen ari da orain arte izan dugunetik eta euskaldun onenak hemen izatetik.

Beraiek eta zaleek ezin dute ulertu zuk Euskaltel berrian tokirik ez izatea, taldearen ikurra zinela uste dutelako. Zer sentitzen duzu denen elkartasuna jasota?

Bada, horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen dit! Badakit benetan zaleak direnak ongi dakitela baloratzen gure lana eta bai laranjaz bai beste edozein kolorez jantzita ere berdin animatzen gaituztela!

Eta zein iritzi duzu Euskaltelen etorkizunaz? World Tourren burutzen ari den denboraldi hoberenean, taldea handia egin duten filosofia, talde gisa lan egiteko ezaugarriak eta zaleen batasunak apurtzea?

Erabaki zaila hartu dute. Taldea berezia egiten zuen filosofia hori alde batera utzi eta bide hau hartuz, zale asko kontrara jarri dira, normala den bezala. Baina erabaki hori hartu baldin badute, beren ustez hobe zelako izango da eta eskubide osoa dute!

Oraindik atzerritarren fitxaketak ez dira publikoki konfirmatu. Baduzu itxaropenik zaleen nahiak hartutako erabakiak,zurekin hartutakoa barne, alda ditzakeela?

Ez, ez daukat horretan itxaropenik! Ezagutzen dut Igor eta ez du atzera egingo. Gainera, proiektu berrian lekurik ez dudala uste baldin badute, nahiago dut neure bideari ekin beste nonbait.

Caja Ruraleko maillotarekin ikusiko zaituztegu hurrengo urtean zu eta entrenamenduetan laguna duzun Iban Velasco?

Ez dakit oraindik! Nahiago dut galdera honi ez erantzun!

Bukatzeko, zer esango zenieke euskal zaleei?

Eskerrik asko, bai nire lehen urtean taldetik kanpo nengoenean zein taldean izan naizen sei urteetan emandako animo eta babesagatik; eta orain inoiz baino gehiago animatzen nautelako. Bestetik, orain arte bezala jarrai dezatela lasterketetan; mundu osoko edozein txirrindulariri galdetuz gero, zalerik onenak euskaldunak direla esaten jarrai dezaten!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo