Urte eta erdiko zigorra ezarri diote epaileek Aita Santuaren etxezainari
«Vatileaks kasuaren» beste kapitulu bat itxi zuten atzo. Vatikanoko Estatu Auzitegiak urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Paolo Gabriele Aita Santuaren etxezainari, Benedicto XVI.ari erreserbatutako dokumentuak lapurtzeagatik. Aurki barkatuko du Ratzingerrek.
GARA |
Atzo amaitu zen Benedicto XVI.a aita santuaren maiordomoaren aurkako epaiketa Vatikanoko Justizia Auzitegian. Hala ere, litekeena da Aita Santuak barkamena eskaintzea eta etxezainak espetxera joan behar ez izatea. Hedabide batzuek segurutzat jo dute Ratzingerrek maiordomoa barkatuko duela.
Vatikanoko Estatu Auzitegiak urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Paolo Gabriele maiordomoari, Benedicto XVI.ari erreserbatutako dokumentuak lapurtzeagatik. Maiordomoak, gainera, epaiketaren kostua ordaindu beharko du.
Atzo ezagutzera emandako erabakiaren arabera, zirkunstantzia aringarriak hartu ditu kontuan Auzitegiak, beste batzuen artean, «ez duela aurrekaririk, Vatikanoaren zerbitzura egindako lana (6 urtez aritu da munduko Estaturik txikienean lanean) eta Aita Santuaren konfiantzari traizio egitea onartu izana. Nicola Piccardi Vatikanoko fiskalak hiru urteko espetxe zigorra eskatu zuen Benedicto XVI.aren dokumentuak lapurtzeagatik, baina haren eskaera erdiraino jaitsi du Auzitegiak.
Abokatuaren eskaera
Aita Santuaren etxezainaren aurkako epaiketaren azken eguna izan zen atzokoa. Bertan, «delitua»-ren ordez «bidegabeko jabetzea» egozteko eskaera egin zuen Cristiana Arru abokatuak.
Gabriele bera izan zen atzo epaiketan hitz egiten azkena. Auzitegiko presidenteak bere burua erruduntzat edo errugabetzat duen galdetu zion etxezainari. Maiordomoak adierazi zuenez, «nire barruan maitasunagatik, Kristoren elizagatik eta lurrean dagoen bere buruzagiarengatik egin dut egindakoa; hori da sentitzen dudan gauza bakarra». «Ez naiz lapurra sentitzen egindakoagatik», ondorioztatu zuen.
Oso litekeena da Aita Santuak barkamena eskaintzea maiordomoari eta espetxera joan behar ez izatea. «Aita Santuak barkamena ematea aukera handia da», adierazi zuen Federico Lombardi bozeramaileak.
Gabrielek berak Piccardi fiskalari emandako esplikazioen arabera, maiordomoak ustelkeria eta hipokrisia besterik ez zituen ikusten Vatikanoan, eta konturatu zen Ratzingerrek horren berririk ez zuela. Orduan erabaki omen zuen trapu zikinak hedabideen bitartez plazaratzea, informazio horrek eragingo zuen eskandalua Eliza katolikoa bere onera itzul dadin baliagarria izango zelakoan.