GARA > Idatzia > Kultura

literatura I HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Arima errebeldeak

p054_f02_56x88.jpg

Asun AGIRIANO I

Lucy neska gazte protagonista 13 urte bete, eta egunerokoa idazten hasiko da, «babes-egunkaria» dio berak. Zeren aurrean babestu?

1936ko udan kokatzen da istorioa. Batetik, krisi ekonomiko latz batek lanik gabe utzi du jende ugari, eta, bestetik, lehorteak Ipar Amerikako mendebalde osoa astindu du. Nekazari kanadarraren uztak ihartu egin dira, eta gosea non-nahi barreiatu da. Makina bat arlote etxeetara hurbiltzen da goseak, zopa urtsu bila; eta Lucyren aitak, fede handiko apaizak, daukaten apurra eskekoekin banatzen du, familiaren aurrean sermoia eginez. Neskatilak honela idazten du: «...kaloria gehiago eta bero gutxiago behar dut nik. Libreta hau iturri bat izan dadila, non egarria kentzera etor ahal izan nadin».

Lucyk gogoak ematen diona idazteko erabiltzen du koadernoa, bere burua hobeto ezagutzeko, hitzekin libre sentitzeko -nahi badu ortografia akatsak edo «hor konpon!» idazteko-, gurasoen esanak pikutara bidaltzeko, kexatzeko. Izan ere, libretak ez dio errietarik egingo, isilik egongo da bere gelako ohearen koltxoi azpian.

Aitak egunero otoi egin eta hitz gozoak etengabe ahoan dituen bitartean, ama beti suminduta, haserre eta muturtuta ibiliko da, garai hobeak ezagutu baititu eta sosik gabeko artzain batekin ezkondu delako. Neskaren barnean jaiotzen diren galderak eta zalantzak erantzunik gabe gelditzen dira, «pentsamendu gaiztoak» baitira gurasoentzat. Beraz, libretan idaztea da familiatik eta konbentzioetatik ihes egiteko bidea.

Oro har, egunerokoa idaztea nerabezaroan baliabide erabilia izaten da, «lagun imaginarioa» deitzen diote psikologoek, eta haragizko batek baino indar handiagoa du. Lucyk koadernoari heltzen dio arima libreago sentitzeko.

Idazleak aurkezten dizkigun pertsonaien artean badira izaera makala dutenak, baina hartzen dituzten jarrerak ez dira gaitzesten, ezta epaitu ere. Pertsonen arteko harremanen ikertzailea da Nancy Huston, eta idatzi dituen beste eleberrietan ere islatzen du Historiako gertaera lazgarriek gizakien bizitzan izan duten eragina, nola bizi izandako gatazkek haurtzaroko oroitzapenak menderatzen dituzten.

Liburuan krisiak biluzitako errealitate gordina islatzen da. Garai latzetan, Lucyren gurasoek ez dute jada autoritate moralik, eta gidari baten faltan dago neskatila. Agertuko da bai, Bernard doktore gaztea, azal azpitik begiratzen irakatsiko diona, konfiantza izaten lagunduko diona, eta neska «uhin ikusezinez» zeharkatuta utziko duena. Hortik dator izenburua, eta badu beste bat argi izpien izenarekin «Infrared», baina helduentzako eleberria da, oraindik euskarazko itzulpenik gabe.

Funtsean, egile ezagun honek nerabeentzat idatzi duen lehen eleberri labur honetan, mundu itxi baten gaitzespena dago. Kontakizun hunkigarria eta zer pentsatua ematen duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo