GARA > Idatzia > Euskal Herria

EHEk herri euskalduna berreraikitzeko asimilazioari aurre egitea proposatu du

p020_f02.jpg

GARA |

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak Durangon bildu ziren atzo, urteroko Nazio Batzarra egiteko. Lan-urte honetarako finkatutako helburu nagusi eta lan-ildoak eztabaidatzeaz gain, aurtengo Nazio Plangintza adostu zuten.

Asimilazio prozesuaz mintzatu ziren, eta egoera iraultzeko abian jarriko dituzten dinamikez. Euren aburuz, frantsesa eta gaztelania «gure hizkuntza» direla esatera pasa da gizartea, eta «hizkuntzak jakitea gauza ona» dela defendatu arren, «hizkuntza hauek asimilazio prozesua bultzatzeko tresnak direla ezin da bazter utzi».

«Herritarren partetik bata zein bestearen aldeko hautua egiteko orduan, nortasunari baino praktikotasunari gehiago begiratzen zaio. Eta noski, gaur egun nagusi diren erdarak irteten dira indartuak borroka horretan», ondorioztatu zuten.

Egoera honen aurrean, eta maila sozialean, herri euskaldunak ezinbestean autodeterminazio ariketa egin behar duela azpimarratu eta maila politikoan hizkuntza politika burujabea garatzeko garrantziaz ohartarazi zuten. Azken hau «herri eskubidea» dela aldarrikatu zuten. Maila juridikoan berriz, lehentasunezko estatusa eskatu zuten euskararentzat.

Helburu nagusia, beraz, herri euskalduna berreraikitzeko «asimilazioari aurre» egitea izango da, eta marko horretan kokatuko dituzte hain justu ere erakundearen lan dinamika guztiak. Maila guztietan euskarari lehentasuna ematea, ilusioa piztea eta bai iruzurrei bai erasoei aurre egitea ezinbestekotzat jo zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo