«Wilt. Panpina puzgarriaren hilketa» antzezlana Gayarre antzokian izango da gaur
GARA | IRUÑEA
«Wilt. Panpina puzgarriaren hilketa» gaur iritsiko da Iruñeko Gayarre antzokira, 20.00etatik aurrera. Garbi Losadak zuzenduta, Tom Sharperen nobelaren egokitzapena da, Losadak berak Jose Antonio Vitoriaren laguntzarekin egin duena, eta aktore lanetan Mikel Laskurain, Aitziber Garmendia, Miren Gojenola, Isidoro Fernandez, Koldo Losada eta Fernando Ruiz ari dira obra honetan.
Bost aktore dira baina hamabost bat pertsonaia antzezten dituzte. Wilti egindako polizia galdeketa haritzat hartuta, emakume bat hiltzeko aukera ezberdinak buruan dituen gizonezko honen istorioa kontatzen du obrak, emakumea desagertzen den arte.
«Pertsona gizajo bat da, nortasun gutxikoa, nahiko beldurtia; ez daki gauzei aurre egiten eta egunerokotasunak eraman dezan lagatzen du. Ez du ezer egiten bere bizimodu eskasa aldatzeko: ez da lanez aldatzen, ez da bere lankideekin haserretzen, bere emazteari ere baietz eta baietz erantzuten dio, oso menpekoa da...», azaldu zion GARAri Wilt hezurmamitzen duen Mikel Laskurainek.
Eszena oso laburrak erabiltzen dituzte istorioa kontatzeko, «komiki estetikakoak», esan zuen Aitziber Garmendiak. «Zerbait dinamikoa izatea bilatu dugu, erritmo biziarekin eta umore sarkastiko ukituekin», erantsi zuen. Publikoa «berehala identifikatzen da Wiltekin», Garmendiaren ustetan, «pelikulako gaiztoa izan zitekeen, baina ez da».
Antzezlanean ahalegin berezia egin dute gainera aktoreek norbere euskalkia mantentzeko.