
Jokin de Pedro eta Marie-Aude Murailen gazteentzako liburu bana eman ditu Elkarrek

GARA | DONOSTIA
Tituluak aurreratzen du Jokin de Pedro bilbotarrak idatzitako liburuaren mamia. «Izu-izua» lanak misteriozko hiru kontakizun biltzen ditu, suspentsea eta izuaren artean dabiltzanak. Lehenengoan, kartzelatik ihesi doazen bi morroietako batek bere besoa moztera derrigortuta ikusiko du bere burua onik atera ahal izateko; bigarrenean, herrixka txiki bateko bizilagun eta etxe misteriotsuek amesgaizto bat bizitzera eramango dute protagonista; azkenengoan, berriz, jaun baten eta bere morroiaren arteko harreman bitxia jorratzen du.
Bestalde, Aiora Jakak Marie-Aude Murail frantziarraren «Maite-Maite ile-apaindegia» lana ekarri du euskarara. Louisek astebetez praktikak egin behar ditu, eta amonari ile-apaindegian egin ditzakeela otu zaio. Louisen aita zirujauarentzat hori analfabetoentzako lana da baina Louis gustura ibiliko da lan horretan.
Bi liburuak Taupadak bildumakoak dira, 13 urtetik gorakoei zuzenduta.