GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HAUTESKUNDEAK URRIAREN 21EAN

Inposaketarik gabeko hezkuntza nahi du EAJk

p008_f01_148x116.jpg

GARA | BILBO

Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak «inposaketa politiko eta ideologikoan oinarrituriko hezkuntza» porrot egitera kondenatuta dagoela adierazi zuen atzo Bilboko Erripa kaian jeltzaleek egin zuten mitinean. Hori dela-eta, Euskal Herrian adostasunean, egonkortasunean eta bizikidetzan oinarrituriko sistema bultzatzearen alde azaldu zen.

Mitin horretan kirolari talde batekin agertu zen Urkullu, «Euskadiko selekzioak» nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko eskubidea duela aldarrikatuz.

«Hezkuntzak eta kirolak ordezkatzen dituzten balioak etorkizunean inbertitzea dira», gaineratu zuen EAJren hautagaiak.

Urkulluren esanetan, azken bi hamarkadotan euskal hezkuntza sistemak izandako arrakastaren gakoa dira egonkortasuna eta ikastolek eta eskola publikoek ordezkatzen dituzten bi ereduen bateragarritasuna. Horrez gain, hizkuntz eredu desberdinak izatea baliotzat jo zuen.

Bestalde, Estatu espainolean azken 35 urteotan hezkuntzaren arloko zazpi lege egitea ulertezina dela gaineratu zuen. Azkena PPren Gobernuak onartu zuen irailean.

«Eztabaida ideologikoak hezkuntzan du isla Espainian. Eta hori akatsa da», gaineratu zuen.

«Inposaketa ideologiko eta politikoan oinarritzen den hezkuntza porrot egitera kondenatuta dago. Guk, Euskadin, elkarbizitza eta egonkortasunaren alde egiten dugu apustu hezkuntzan. Bikaintasunean oinarritzen den Euskadiko sistema garatzeko kontsentsu politiko eta sozial zabala bultzatuko dugu», adierazi zuen Urkulluk.

Eredu honen oinarria euskara, gaztelania eta ingelesaren ezagutzan sakontzean legoke, EAJren hautagaiak esan zuenez.

Horrekin batera, euskal selekzioen ofizialtasunaren alde egingo dutela agindu zuen Urkulluk. «Gure konpromisoa da. Kirolean aurrera egiteko lana, izerdia eta sakrifizioa beharrezkoak direla badakigu», esan zuen Urkulluk. EAJren ekitaldian Andoni Goikoetxea, Aitor Larrazabal, Genar Andrinua, Patxi Bolaños, Jose Felix Guerrero eta Andoni Aiartza Athletic taldeko jokalari ohiak, Julian eta Ruben Gorospe txirrindulari ohiak, Virginia Berasategi triatleta eta Bilbao Basket taldeko presidente Pedja Savovic izan ziren, besteak beste.

PPri babesik ez, Donostian

Bestalde, Efe agentziari egindako adierazpenetan, Urkulluk ukatu egin zuen Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre [Bildu] kargutik kentzeko PPk proposatu duen zentsura-mozioa babestuko duela. «Beste helburu batzuk ditu PPk, gisa horretako proposamenak hauteskunde kanpainan aurkezten dituenean», esan zuen EAJko buruak.

Era berean, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanoren kontrako moziorik ere ez dutela sostengatuko gaineratu zuen Urkulluk.

Dena den, Donostiako Udalean PSErekin eta PPrekin akordioak lotzeko prest azaldu zen Urkullu. «Oposizioak udal batzarrean erabakitzen duena alkateari egitera behartzea izango zen kontua», azaldu zuen jeltzaleen hautagaiak.

«Kontuan izan behar dugu herritarren gehiengoak azken udal hauteskundeetan [2011ko maiatzean] esan zuena errespetatu behar dugula, edo behintzat boz gehien lortu zuen zerrenda», gaineratu zuen EAJko lehendakarigaiak.

Izan ere, Bilduk Donostiako Udalerako zortzi zinegotzi lortu zituen orduan, PSEk zazpi eta PPk eta EAJk seina.

ofizialtasuna

«Euskadiko futbol selekzioak» nazioarteko lehiaketetan aritzeko eskubidearen alde egin zuen atzo Iñigo Urkulluk Bilboko mitinean, «nahiz eta badakigun hori lortzea oso zaila izango dela».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo