GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HAUTAGAIA | URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK

«Kataluniatik abiatu den tren hori hartu behar dugu igandean»

p006_f01_8620.jpg

Xabier Isasi

EH Bildu-ko Gipuzkoako zerrendaburua

Uste osoko independentista da Xabier Isasi (Deustu, 1956), bihotzez eta buruz, eta ilusio handiz hartu ditu Kataluniatik, Eskoziatik, Flandriatik eta Quebecetik datozen haizeak. Horretan kokatzen du EH Bilduk EAJrekiko duen aldea; azken honi ez dio  ikusten lurralde krisi hori kudeatzeko gaitasun handirik, ez eta borondate argirik ere. Bere irakurketa ez da, ordea, horretara mugatzen; EHUn zein Gaindegian bildutako esperientziari esker, Gipuzkoa zein Euskal Herri osoaren gaineko ezagutza zehatza du.

Ramon SOLA | DONOSTIA

Kanpaina lasaia izaten ari da beste herrialdeetan, baina Gipuzkoan ez hainbeste: kritika gogorrak, kasu honetan EAJ ere tartean dela, irain batzuk...

Urduri daude. Aldaketa sakon bat datorren sentsazioarekin bizi dira. Informazioa izango dute eta horregatik erasokor ari dira.

Kalean, aldiz, lasaitasuna antzematen da, ezta?

Bai, ni harrituta nago. Niretzat hau plaza berria da, baina benetan harrituta nago. Kaleko jende arrunta etortzen zaizu: `Hautagaia haiz? aupa!, animo!', nahiz eta batzuk beste pentsamolde batekoak izan. Lasaitasun handia sumatu dut, bai.

Gipuzkoan ez zarete hutsetik abiatu, Aldundiak egindakoa, esaterako, bertan dagoelako. Zer aurkitu duzu koalizioaren barruan?

Hiru gauza: batetik, giro ona, umorea, ilusioa, lankidetza... Bigarrena, Gipuzkoan dagoen lasaitasun hori nik konfiantza terminoetan interpretatzen dut, proiektuarekiko eta pertsonenganako konfiantza, niganako konfiantza ere bai. Eta gero udaletxeen aldetik eta Aldundiaren aldetik arnasgunea garela ikusten dut. Gasteizko Legebiltzarra herrialdetik haragoko zerbait denez, guk ematen diegu funtsa; Aldundiaren proposamenak eta udaletxeen proposamenak tokian tokikoak direnez, guk ematen diegu soineko berri bat, nolabait janzten ditugu. Hori nabaritu dut Martin [Garitano] edo Juan Karlosen [Izagirreren] aldetik, arnasgunea garela. `Ondo egingo duzu', esaten didate, indar handia ematen didate eta honek ere harritu egin nau, plaza honetan berria naizelako.

Aldiz, beste alderdietatik kudeaketarako gaitasun falta leporatzen dizuete berriro...

Gauza ezberdinak dira. Hasteko, nik gestioan esperientzia badaukat. Lau urtez UEUko zuzendari izan naiz, urte zailak gainera, pezetatik eurorako aldaketa hark gestio arloan zekartzan zailtasun guztiekin, egoitza berria... Eta zortzi urtez Gaindegiako lehendakari izan naiz, gehi unibertsitate barruan egindakoa. Laurak [Mintegik] ere esperientzia badu, oraintxe da sailburua unibertsitatean. Eta orain bigarren kontua: Kontxo! Horrenbesteko esperientzia eta honelako putzuetan sartu gaituzte? Esperientzia hori nik ez nuke nahi. Zetorrena antzemateko gauza izan ez baziren, ze gestore klase da hori? Orduan, 30 urte kudeatzen egon direla aitortu behar zaie, baina hori baino ez. Baina orain nire galdera hauxe da: iraganeko 30 urteetan gestionatutakoak eta egindakoak balio al du datorren urtean datorrena gestionatzeko?

Adibidez...

Kataluniakoa hor dago. Prestatuta al dago EAJ, datorren lurralde krisia gestionatzeko? Eskozia, Flandria, Quebec... Gerta daiteke 2014. urtean Kataluniak urratsa egina duela eta independentzia prozesu bat abian dagoela. Gu askoz hobeto prestatuta gaude hori gestionatzeko, hasteko hori gestionatu nahi dugulako, eta zalantza dut EAJk hori gestionatu nahi ote duen... Espainia barruan eroso egotea gestionatu nahi du, hori bakarrik.

Iñigo Urkulluk erabakitzeko eskubidearen alorrean hartutako posizioak ezinezko egiten al du akordioa lortzea?

Ez dakit, ikusiko da. Nire irudipena da kanpainan esaten diren gauzek ez dutela gero askorako balio, jarrera berriak hartzen direla hauteskundeak pasa ondoren, askotan biziraupen behar hutsagatik. Guri ere gertatzen zaigu, noski; esaterako, kinieletan 22-24 eserleku aipatzen da, baina 20tik behera geldituko bagina, aztertu beharko genuke zerbait gaizki egin ote dugun...

Nire ustez, gugan gauzatu egiten da ETAren duela urtebeteko erabakiaren ondoren sortu zen bide politikoa; gu gara bide politiko hori, normalizazioaren giltzarria gara eta izango gara, eta horregatik oso garrantzitsuak dira hauteskunde hauek. Kataluniatik abiatu den tren hori hartu behar dugu igandean. Independentistak diren guztiek jakin behar dute hauteskunde hauetan mahai gainean jartzen dena aukera historikoa dela: gure artean independentzia prozesuak ulertzeko makina bat eztabaida izan daitezke, baina badira une batzuk giltzarri direnak, eta horietan batera jokatu behar dugu. Hau da une historiko horietako bat eta tropelean sartu behar dugu Legebiltzarrean, pitzadurarik gabe.

EAJrekin hitz egingo dugu noski. Zer esango nieke nik? 40 urte edo gehiagotan ez dugula orain dugun aukerarik izan, oso abagune berezia dela, eta egoera arretaz aztertu behar duela.

Preso politiko gehien duen lurraldea da Gipuzkoa. Zer egin behar du Gasteizko Legebiltzarrak gatazkaren ondorioak konpontze aldera?

Lehenbizi, argi eta konplexurik gabe hitz egin. Adibidez, esan behar dugu Estatuak sufrimendua bahitu duela eta oso joko zitala dela hori. Eta Legebiltzarretik akordio minimo-minimoak behintzat bultzatu behar dira: «Parot doktrina» jasaten dutenak, gaixorik dauden presoak.... irtenbide bat emateko eztabaidatu behar da hor.

Euskararen inguruko ika-mika gertatu da kanpainan. Iraindu egin zaituztete PPk eta UPyDk, euskarak ez duela «salbatzailerik» behar esan du EAJk. Hau ikusita, tarterik ba al dago erakundeetatik euskararen aldeko neurri politiko eraginkorrak egiteko?

Kanpo komunikaziorako euskara lehenetsi behar duela esan du Aldundiak; hori baino ez. Orduan nik galdetzen diet: erabakia erabat desegokia dela eta ez dela inoiz eta inolaz ere hartu behar esan nahi duzue, edo abagune honetan ez dela komeni? Nik uste dut lehenengoa dela. Aukera emango balute esanez `orain ez, baina gero...', baina ez da hori, ez dute nahi eta kito. Nik sutsuki babesten dut Aldundiaren erabaki hori, beste kolore bateko gobernuak hartu izan balu ere berdin esango nuke. Besteei gauza bakarra esaten diet: ez dute arrazoi bakar bat esaten dutena esateko, beraiek dira euskara politizatu egiten dutenak, eta beren galbidea izango da hori.

45.000 langabe daude Gipuzkoan. Horietako bakoitzari zer esango zenioke?

Tokatu zait nire bizitzan egoera hori. Lehenengo gauza, etsipenean ez erori. Bigarrena, ez utzi inork baztertzea, kalera ateratzea, engaiatzea, bakardadean ez gelditzea... konponbiderik badagoela, maila pertsonalean eta kolektiboan. Orain, politikaria naizen aldetik, zera diot: langabeziaren aurkako politika ez da gastua, inbertsioa baizik. Bazterkeria, langabezia... horiek dira garestiak. Hasteko, ezagut ditzagun 45.000 langabe horiek, hitz egin dezatela, denok batera aritzeko.

Konpromiso ausart batzuk hartu dituzue. Adibidez, EH Bildurekin inori ez diotela bere etxea kenduko...

Itxaropen faltsurik ez dugu landatu nahi. Soluzioak baditugu, baina prozesu bat izan beharko litzateke. Horretarako, adibidez, erakunde bat sortu behar da, finantza erakundeekin negoziatu, Jaurlaritzak eskumenak noraino iristen diren zehaztu... baina hau guztia esanda, posible dela esaten dugu, aukera eta bidea badaudela. Etxe horiek esku publikoetan geratu beharko lirateke, baina aldaketa sakona da, horregatik eredu aldaketa dela esaten dugu.

Zer deritzozu Iñigo Urkulluk Abiadura Handiko Trenaren lanen kostua Lakuak aurreratzeko egindako proposamena?

Atanon hausnarketa bat utzi nuen. Iturissan galtzada erromatar bat aurkitu dute, hori bere garaian abiadura handikoa ere izango zen, baina gero naturak irentsi egin du eta Iturissa lur azpian gelditu da. Zer gelditu zaigu? Hiru gauza: beraiek irakatsitakoa, euskara eta lurra. Nik gauza bera nahiko nuke utzi beste 2.000 urte barrurako. Azpiegitura erraldoien inguruan, batetik absurdoa da munduan paradigma aldaketa bat dagoela ikusi nahi ez izatea: agian Brasilek, Txinak eta abarrek, herrialde emergenteek, bizkortasun hori behar dute, baina guk behar ote dugu? Eta barne kohesioaren ikuspuntutik, Donostia eta Bilbo edo Donostia eta Gasteizen artean zenbat denbora aurrezteko ari gara? 20 minutu?

Zergatik daude orduan hain tematuta beste alderdiak?

Susmoa badut. Hazkundea zegoenean, azpiegituretarako erraz zetozen Europako diruak, eta orduan AHTren inguruan Estatu espainolak tranpa egin zion Europari. Ardatza oso «espainola» egin zuen: Madrid, Sevilla... erradiala. Orain, berriz, Europatik murrizketak datoz eta gauzak aldatu egin dira. Iparraldeko hautetsien jarrera ikusi besterik ez dago: AHT ez da beren lehentasuna. Estatu espainolak ere murriztu du dena: Burgosekoa eta Zaragozakoa bertan behera utzi dituzte, edo ia-ia. Eta hemen zergatik segitzen dute orduan? Arrazoi politikoarengatik. Errontegiko zubia egin zuten garaiaz gogoratzen naiz, urte batzuk egon zen hor, zubia bakarrik, eta bertako batzuek deitzen zioten «el monumento al puente»; absurdoa zen. Ba, horrelako zerbait gerta daiteke AHTrekin hemen, «el monumento a la alta velocidad».

Hondakinen kontua, hedabideetan islatzen den bezain liskartsua al da? Zer diozu?

Denetarik entzun dut. EH Bilduri botoa emango dioten batzuk haserre bizian (inposizioa dela, zikina dela...), eta kontrakoa ere bai; beste alderdi batzuetako jendeak esaten du hori irtenbide bat izan daitekeela. Erabilera zikina egiten dute EAJk eta PSEk, zikina. Zer diodan nik? Hondakinak diren neurrian horrela tratatu behar ditugula, murriztu egin behar ditugula. Eta herritarrak inplikatu behar ditugu: ikuspegi horretatik atez ateko formula baliagarria dela uste dut. Hobetu daitekeela? Ez naiz aztertzen jarri, gainera Eusko Legebiltzarraren konpetentzietan ez dagoelako... Baina hemen ere gauza absurdoak gertatzen dira: Mallorcan errauskailua dago eta Italiatik eraman behar dituzte hondakinak, errentagarria izan dadin. Ez dakit zenbat kilo janari botatzen dugula ageri da telebistan. Nola konpon daitezke honelako gauzak, herritarren inplikazioa izan gabe? Ezin da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo