GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Hamar urteren buruan epaiketa, justiziarik ez

Ez da urtebete Toskana aurrean «Costa Concordia»-ren hondoratzea gertatu zela, eta martxotik abian da tragedia haren erantzuleen aurkako epaiketa. Luzeago jo du «Prestige» ontziak eragin zuen hondamendi ekologiko ikaragarriaren erantzuleak epaitzeko prozesuak. Atzo, hamar urte igarota, hasi zen Galizia eta neurri txikiagoan Kantauri itsasoko gainerako kostaldeak belztu zituen marea eragin eta zabaltzen utzi zuten erantzuleetako batzuen aurkako epaiketa. Izan ere, nekez esan liteke akusatuen aulkian erantzule guztiak daudela. Ontziko kapitaina, makineriako burua eta lehen ofizialaren ondoan arduradun politiko bat baino ez baitago, Merkataritza Ontzidiko zuzendari nagusia, hain zuzen, baina ontziaz arduratu behar zuen enpresako inor ez, ezta ezbehar erraldoi haren aurrean zabarkeria nabarmena erakutsi zuten agintariak ere. Haien artean, Mariano Rajoy Gobernu espainoleko presidentea, istripua gertatu zenean «plastilinazko haritxo batzuk» baino ikusi ez zituena. Are okerrago, hamar urteren buruan, ez dute halako ezbeharrik berriro ez gertatzeko neurririk hartu. Hamar urteren buruan, oso ilun dago «Prestige»-n zegoen petrolioaren jabetza, eta hamar urteren buruan hura bezalako petrolio garraio irregularrak bere horretan jarraitzen du. Atzo, azkenik, hasi zen epaiketa. Justiziak itxaron beharko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo