GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Gogoan

Gogoan dut «Euskaldunon Egunkaria» itxi zuten eguna. Goizeko zortziak jo aurretik, lagun batek nire ondoan autoa gelditu eta albiste larriaren berri eman zidan. Zenbait egun geroago, egunkari honetako letra larriek jakinarazi zidaten atxilotuak torturatuak izan zirela. Eta segituan gogora etorri zitzaidan harako «se creían que no nos íbamos a atrever?» hura («ez ginela ausartuko uste al zuten?»). Atxilotuen salaketak gogoratzen zaizkit, eta Gobernu espainolak eta Guardia Zibilak eta Poliziak eta hedabide espainiarrek salaketa horiek atxilotuak ETAkoak ziren froga zirela esan zutela, oraindik inork (are gutxiago ETAko militanteek) ikusi ez duen «eskuliburuaren» araberakoak omen ziren eta. Jokaera eskas eta zitalagorik ez dela erraz topatzen idatzi nuela oroitzen naiz.

Martxelo Otamendi auzipetuak esandakoak gogoratzen zaizkit, egunkari bateko zuzendari ezagun bati halako basakeriak egiteko gauza direla, zer ez ote dieten egingo Jarrai edo Segiko kide izatea egozten dieten gazteei, alegia.

Gogoan dut tortura salaketa haiek auzitegiko medikuek eta epaileek ukatu zituztela. Eta auzipetuek, ETAren kontsignei jarraituz, Estatuaren erakunde ohoragarriak zikindu nahi izatea egotzi zietela Gobernuak eta Guardia Zibilak eta hedabideek.

2010ean eta 2011n Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Mikel San Argimiroren eta Aritz Beristainen tortura salaketak behar bezala ez ikertzeagatik Estatu espainola kondenatu zuela gogoratzen zait. Eta arrazoi beragatik Martxelo Otamendiren aldeko epaia eman zuela atzo.

Gogoratzen zait, halaber, behin, eta beste behin, eta behin eta berriro Estatuko, Europako eta munduko giza eskubideen aldeko erakunde ofizial eta ez-ofizial askok Estatu espainolari eskatu diotela tortura prebenitzeko neurriak hartzeko. Neurri horiek «salaketa faltsuak» frogatzeko modua liratekeela idatzi nuela oroitzen naiz, eta neurri horiek atzo arratsean hartu gabe zituela Estatu espainolak.

Gogoan dut «Akordatzen» izenburuko liburua, eta haren autorea torturatu zuten txakurrez akordatzen zela. Eta oroitzen naiz autorea 1980an atxilotu zutela. Gogoratzen zait, era berean, gure aitak bere lagun bati aspaldi, oso aspaldi (artean Europako Giza Eskubideen Auzitegirik ez zegoenean), egindako tortura ikaragarrien berri jakinarazi zigula.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo