GARA > Idatzia > Ekonomia

Elikadura burujabetzarako eskubidea aldarrikatu dute nekazari eta gizarte eragileek

Egun indarrean dagoen Nekazaritza Politika Bateratuak elikadura «merkantzia huts» bihurtu duela uste dute Euskal Herriko nekazariek. Horregatik, bertako lehengaiak oinarri izango dituen elikadura burujabetza lortzeko, politika hori irauli beharra dagoela aldarrikatu dute.

p030_f04_26780.jpg

Iraia OIARZABAL | DONOSTIA

Elikadura burujabetzaren aldeko Euskal Herriko herri eta gizarte mugimenduen aliantzak elikadura eskubidea aldarrikatu zuen atzo Donostian, hain justu, Elikaduraren Nazioarteko Egunean. Euskal produktuez osatutako hamaiketako baten bidez, elikadura oinarrizko eskubide bat dela aldarrikatu zuten nekazariek eta kudeaketa burujabe bat garatzeko proposamen zehatzak egin zituzten.

Aliantza osatzen duten gizarte eta herri eragileez gain, ELA, LAB, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek ere babestu zuten elikadura burujabetzaren aldeko manifestua. Gaur egun indarrean dagoen Europar Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratuak elikadura «espekulaziorako merkantzia huts» bilakatu duela salatu zuen aliantzak, «diru laguntza publikoak kontzentratu eta gosearekin negozioa egiteko».

Politika horien ondorio den datu adierazgarria eman zuten nekazariek, Euskal Herrian jaten dugunaren %4 baino ez dela bertan ekoiztutakoa. Horrek, kontsumitzaile eta ekoizleek banaketa kate handienganako «menpekotasun ikaragarria» izatea dakarrela baieztatu zuten. Bertako lehengaiak baliatuz elikadura burujabetza lortzea posible dela uste dute aliantzako kideek eta horregatik euren aldarrikapen eta proposamen nagusiak biltzen dituen dokumentua aurkeztu zuten.

Lehenik eta behin, herri guztiek euren nekazaritza eta elikadura politikak definitzeko eskubidea dutela defendatu zuten. Horrek gainera, «kalitatezko elikagaiak ekoiztu eta kontsumitzeko aukera» ematen duela nabarmendu zuten.

Bestalde, «elikagaien ekoizpenean eta erabakitze ahalmenean emakume nekazarien eskubideak aitortu eta errespetatu» daitezela eskatu zuten, baita «lurraren eta ondasun naturalen kudeaketa iraunkorra» berma daitezela ere. Era berean, baserritarren eta arrantzaleen izaera zaintzea eta duintzea ezinbestekotzat jo zuten, «elikagai ekoizleak direlako eta ez industriarako lehengai merkea sortzen duten langile hutsak».

Manifestazioa Bilbon

Helburu horiek guztiak lortzeko proposamen zehatzak egin zituen aliantzak. Besteak beste, elikagaien prezioak modu etiko eta gardenean ezarri eta erakutsiak izatea, merkatua eta ekoizpena kontrolatzeko mekanismoak sortzea, esportazioak mugatu eta ekoizpen eta tokiko kontsumoa sustatzea edota diru publikoa modu duin eta justuago batean banatzea planteatu zuten.

Hortaz, egungo nekazaritza eta elikadura politikei aurre egiteko eta bestelako eredu bat aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute hilaren 27an Bilbon «Elikadura herritarron eskubidea» lemapean.

manifestua

Elikadura burujabetzaren aldeko herri eta gizarte mugimenduen aliantzak elikadura eskubidea aldarrikatzen duen manifestua osatu du. ELA, LAB, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek ere babestu dute ekimena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo