GARA > Idatzia > Kultura

Andoni Egañak eta Xabier Lizasok «Bi arreba» ikuskizuna aurkeztuko dute Hernanin

GARA | DONOSTIA

Andoni Egañak eta Xabier Lizasok bertsolaritza eta pianoa uztartuta osaturiko «Bi arreba» proiektua aurkeztuko dute gaur Hernaniko Biteri Kultur Etxean. Emanaldi berezi honek Fredeeric Chopin piano-jotzaile eta konpositoreen eta Frantzisko Petrirena Rekondo Xenpelar bertsolariaren artean dauden paralelismoak agerian uzteko balio du. Izan ere, Egaña eta Lizaso konturatu ziren bi artisten artean antzekotasun ugari daudela.

Chopin eta Xenpelar ospetsuak izan ziren euren diziplinetan, biak izan ziren berritzaileak, biak ziren katolikoak, baita Estaturik gabeko naziokoak ere. Garai politiko gatazkatsuetan bizi izan ziren biak eta gazte hil ziren (34 urterekin bertsolaria eta 39rekin pianista). Hil ziren une horretan biek izan zituzten euren arrebak alboan. Horregatik, Egañak eta Lizasok bi mundu horiek ekarri nahi dizkigute, baita bi arreba horiek ezagutzera eman ere.

Hernaniko aurkezpenaren ostean ikuskizunak Bilbora emango du saltoa. Campos Antzokiak euskararen aldeko apustua egin du eta horregatik euskarazko zenbait emanaldi prestatu ditu biharko. Horien artean, «Bi arreba» dago. Arratsaldeko zortzietatik aurrera Campos antzokian musikak, bertsoek, istorioek eta inprobisazioak bat egingo dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo