GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Ohepean

Lance Armstrongek, Texasko heroiak, dopatzeko erabilitako txertoak eta anpoila hutsak ohepean gordetzen zituela irakurri dut. Imajinatu dezagun karrerista, hanka depilatuekin, etxeko txapinak jantzita, ilea narras eta keinu izuarekin, belauniko, estraperloaz erositako zera haiek guztiak kuxkuxeroen bistatik kentzen. Irudi sinpatikoa edo patetikoa ote den, ez dakit. Agian biak. Baina ez dugu ukatuko Champs Elysees haietan kameralarien aurrean irribarretsu eta lorez josia ikustetik, bere ohearen aldameneko irudi makur honetara alde handi samarra dagoenik. Amarrugileek beti sortzen dute auzo-lotsaren eta liluraren arteko sentimendu arraro bat, bereziki oso urrutira heltzea lortzen dutenean, inoiz ez baituzu ziur jakiten ez ote dituzten inbidia hutsez salatu. Errazagoa da galtzaile porrokatua amarrugiletzat hartzea. Laugarren mailako karrerista dopatu bat harrapatzen dutenean, inork gutxik egiten du harrapaketa horri buruzko dudarik, txarraren patua baita, nolabait, hobea izateko amarrutan ibiltzea. Onenak harrapatzen dituztenean, ordea, konspirazio politikoak ikusten ditugu nonahi. Badakigu, jakin, denok daukagula alderdi ezkuturen bat. Inbidia, gezurrerako joera, handitasun delirioak, gaiztakeria, edo nik dakit zer. Harekin (gure alderdi ilunarekin) bizi gara, nola edo hala, eta, besteak hartaz jabetu ez daitezen, batzuetan tokatzen zaigu ohearen aldamenean egotea, geu ere belauniko, grotesko samar, gure sekretuak ohepean sartzen. Baina hain izaten da guretzat trantze penagarria, ze nolabait bizi gara pentsatzen heroitzat hartzen ditugun horiek ez daukatela halakorik. Inpolutuak eta gardenak direla. Ze batzuengan ikusi nahi dugun gardentasun horixe baita guk lortu nahi genukeena. Alferrik da, ordea, ohepea ohepe den unetik baita sekretuak biltzeko zoko iluna.