GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako finala

Aitzol Atutxak iraupen proban lortu zuen txapela

47 segundoko aldearekin iritsi zen azkeneko probara Floren Nazabal, baina lau kana-erdiko mozten minutu eta erdiko aldea kendu zion aizkolari bizkaitarrak.

p046_f01_199x136.jpg

Jon LEUNDA

Aitzol Atutxak irabazi zuen herenegun Bilbon jokatu zen Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako Kopa. Liga erregularra Nazabalek irabazi zuen, eta bazirudien herenegungo finala ere berak eraman behar zuela, baina ez zen horrela izan. Azkeneko probara 47 segundo aurretik sartu zen, baina minutu eta erditik gora atera zizkion bizkaitarrak Etxarrikoari iraupen proban, eta beretzat izan zen txapela, nahiz eta amaieran egurrekin zalaparta apur bat izan zen. Aipaturiko biekin batera, Otaño ere aritu zen.

45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren, eta Atutxak irabazi zuen, enborra 44 kolpetan erdibitu baitzuen. Segundo bat gehiago behar izan zuen Nazabalek, eta 56 Otañok.

Bigarren lanean, bakoitzak 45 ontzako enborra moztu behar izan zuen erlojuz kontra, eta hor Nazabal gailendu zen. Etxarrikoak minutu bat eta 20 segundo behar izan zituen, Aitzol Atutxak, berriz, minutu bat eta 24 segundo, eta Unai Otañok minutu bat eta 27 segundo.

Hirugarren saioan, bakoitzak 60 ontzakoa erdibitu behar izan zuen. Nazabalek bere egurra 2 minutu eta 39 segundoan amaitu zuen, Atutxak hamar segundo gehiago behar izan zituen, eta 3 minutu eta 10 segundo behar izan zituen, berriz, Unai Otaño gipuzkoarrak.

Laugarren lanean, aizkolari bakoitzak 45 ontzako enbor bat zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita moztu behar izan zituen. Hemen ere Floren Nazabal izan zen azkarrena, bere lana minutu eta erdian amaituta. Bigarren, berriz, Atutxa, minutu bat eta 51 segundo behar izan zituen, eta Unai Otañok 2 minutu eta 14 segundo, proba honetan Ibarrakoak irabazteko izan zitzakeen aukera guztiak galdu zituen, oso atzera geratu baitzen.

Bosgarren ekinaldian, bakoitzak kana-erdiko bat zutik jarrita moztu behar izan zuten. Hor ere Etxarriko aizkolaria izan zen nagusi, bere lana 2 minutu eta 42 segundoan amaituta. Bigarren Atutxa sailkatu zen eta 3.05 izan zen bere denbora. Azkena, berriro ere Otaño izan zen, eta 5.02 izan zen Ibarrakoaren denbora. Beraz, saio bakar bat falta zen amaitzeko, eta denek garbi zuten txapela Nazabalek eramango zuela.

Azkeneko proban, bakoitzak lau kana-erdiko erdibitu behar izan zituen. Atutxa izan zen onena, eta 6.46 izan zen bere denbora. Bigarren postuan, berriz, Floren Nazabal sailkatu zen eta Etxarrikoaren denbora 8.18 izan zen. Azkena izan zen Otaño, eta 9.04 izan zen bere denbora.

Amaieran, txapelduna Atutxa izan zen, eta 16 minutu eta 29 segundo izan zen bere denbora. Bigarren Floren Nazabalek amaitu zuen, eta berak 17 minutu eta 4 segundo pasa zituen bere lanak egiten. Unai Otaño izan zen hirugarren amaitu zuena, eta 21.53 izan zen bere denbora.

Haserrea

Amaieran haserre agertu zen Floren Nazabal, izan ere azkeneko lanean nahiko egur zikinak izan zituen, eta hor denbora asko galdu zuen, aurretik zuen alde guztia alferrik galduz.

Euskal Herrikoa

Igandean jokatuko da Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketa, eta badirudi finalean sartzea inoiz baino garestiago egongo dela, beraien artean alde txikiak baitaude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo