GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

alpeak Jarduera

Dry gogorra eta oso tentea, Pelerinseko ipar horman

Jeff Mercier eta Korra Pescek «Die hard rep-a-line» izeneko bidea eskalatu dute Mont Blanceko mendiguneko orratzean. 600 metro luze da, eta honako zailtasunak ditu: V/5+/M7/90º. Marraren giltza diedro handi eta tente bat da, hots, misto gogorreko lau luze.
p050_f01_148x225.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Udazken hasierarekin batera Alpeetako hormatzar batzuk aurpegi «gozoa» erakusten ari dira. Horrekin esan nahi dugu, besteak beste, ipar horma erakargarri batzuk oso baldintza onetan daudela. Egoera hori ikusita, alpinista batzuek eskalada oso interesgarriak egiteko aukera izan dute. Horren isla dugu Aiguille des Pelerinseko (Mont Blanc mendigunea) ipar horman gertatutakoa.

Bai, pareta horretan, adibidez, bost urte inork igo gabe zeraman «Beyond the Good and the Evil» marra britainiar sokada batek errepikatu egin du. Eta eremu horretatik atera gabe beste goi mailako jarduera baten berri eman behar dizuegu. Jeff Mercier eta Korra Pescek «Die hard rep-a-line» bidea igo dute. Berez, 1967. urteko «Dard-Repellin» bidea da eskalatu dutena, baina, ze baldintzetan igo duten ikusirik, beste izen bat jarri diote: «Errespetu osoz, bide hori birbataiatzea erabaki dugu. Izan ere, orain marra horrek beste espiritu bat du; erabat ezberdina, alegia. Bizpahiru alditan soilik igo da, eta neguko baldintzetan inoiz ez. Guk baldintza berezietan eskalatu dugu. Beste era batera esanda, dry gogorra izan da jardueraren izaera nagusia».

Mercier eta Pescek erakutsi dute misto gogorrean espezialistak direla, eta beren burua hala ikusten dute; hori bai, espezialista amateurrak. Biak ala biak gustura daude eginiko lanarekin: «Bidearen giltza lau luze dira, diedro handi batean marraztuta daudenak. Plakan eskalatu behar diren dry fisikoak dira, maila handikoak. 16 luze dira orotara, eta tartean M7 bat. Ez da muturrekoa, baina uste dugu `No siesta', `Couloir nord des Drus', `Gabarrou-Sylvi'... bezalako marrekin antz handia duela. Misto deportiboan erreferente izan daiteke».

Hilaren 2an, sokada paretara hurbildu zen. Ze baldintzatan zegoen ikusi nahi zuten bertatik bertara, eta bikainak zirela ikusita, bibakera jaitsi ziren. Biharamunean, goizeko 05.30ean martxan ziren. «Beyond...» bidearen lehen hiru luze komunak igo ondoren, eskuinera jo eta marraren diedroan sartu ziren. Lau luze gogor eta tenteak (bidearen giltza) gainditu ondoren, gailurreko bidea hartu zuten. 18.30ean gailurrean ziren, 16 luze poltsikoratu ostean. Eskalada bukatu eta honako galdera luzatu dute: «Udazken honetako misto gogorreko bidea izango ote da? Errepikatzaileen esku dago erantzuna».

Oro har, Aiguille des Pelerinseko ipar horma horretan egin berri den goi mailako jardueraren berri izan ondoren, protagonistetako bati hitza emango diogu. Hurrengo lerrootan Pescek berak azalduko digu eskalatu duten marran bizitakoa.

«Hard dry»

Azken asteetan eguraldi nahiko traketsa egin zuen. Alabaina, mendiaren baldintza kaskarrak onartu eta jarduera alpino bat egiteko prest geunden. Udazkenaren lehen urratsetan gaude, eta oraindik zaila egiten zaigu jakitea pareta ezberdinen baldintzak noraino diren egokiak. Arrokan eskalatzeari uko egin genion, eta ohartu ginen azken bi gauetan tenperaturak nabarmen egin zuela behera. Aiguille des Pelerinseko ipar horman jarduteko aukera ikusi genuen, eta, beraz, katu-oinak utzi eta piolet zein kranpoiak hartu genituen.

Buruari buelta bat baino gehiago eman gabe, geure xedera hasi ginen hurbiltzen. «Dard-Repellin» zen hautatutako bidea. Zuzen-zuzen doan marra da; hain zuzen ere, goiko harkaitz trinkoen eremura eramaten zaituena. Haren eskuinera, berriz, sona handia duen «Beyond the Good and the Evil» dago.

Guk aukeratutako marra 1967. urtean zabaldu zen, eta Boivinek eta Cambonek urtebetera errepikatu zuten. Ordutik, bidearen inguruan apenas entzun den. Asmo zehatza generaman: marra ilun horri bizi berria ematea eskalada misto bat eginez. Era librean igo den ala ez inork ez daki ezer, eta helburuaren sarrerara hurbildu ginen. Hara iritsi bezain laster, pozik jarri ginen; izan ere, leku egokian geunden! Panorama eder hori ikusita pare bat luze igo, sokak jarri eta bibakera jaitsi ginen. Gaua hotza izan zen, baina, zorionez, nahiko eroso geunden. Aurreko eguneko luzeak igo eta bideak duen ezaugarri nagusira jo genuen: diedro handira. Elur aldats pikoak igo genituen. Hurrengo sei luzeak interesgarrienak dira, eremu alpino batean eskalatu ditugun interesgarrienetakoak. Inolako zalantzarik gabe mistoaren alde egiten duen eskalatzaile orori gustatuko zaio.

Gure iritzi apalean uste dugu marra hau, Mont Blanceko mendigunean dauden beste bide superklasikoekin alderatuta, askoz ere gogorragoa dela. Eskalatzen ari ginen luzeek asko exijitzen zuten. Zailak ziren, baina jarraian zailtasun horiek lasaitzen joan ziren. Hala ere, goialdean dauden plakak oraindik ere eskalatzeke genituen. Esku artean izan genituen argazkien arabera, goiko alde horrek oso exijentea zirudien. Jakina, amore emateko ez genuen inolako gogorik, eta gogor borrokatu ginen. Zorionez, plaka horiek zuten elurra egonkor zegoen.

16 luze eskalatu genituen. Leher eginda geunden, baina pozarren. Ez hitzik, ez besarkadarik, soilik bostekoa eman eta lan on baten sentsazioarekin jaitsierari ekin genion. Lan ona, bai; izan ere, ez genuen iltze bat ere erabili. Estilo hori gustuko dugu.

Denborarik galdu gabe, mendiaren mendebal aurpegitik jaisten hasi ginen. Behealdea nahiko baldintza kaskarretan zegoen, eta hutsik ez egiteko, oso kontzentratuta jaitsi ginen. Behin Chamonixen, hurrengo bidearen inguruan hitz egin ordez, eskalatu genuen marrari buruz hitz bi egin genituen. Ez bururik, ez hankarik duen izen bat jarri diogu: «Die hard rep-a- line». Hitz joko bat da, jostalaria. Artifizialean igotzen den bide bat mistoan eraldatu dugu. Bazirudien guk sortutako bide bat izan dela. Haatik, nahi duenak jatorrizko izena erabil dezala».

estiloa

Bidearen giltza diedro handi batek dituen lau luze dira; guztiak ala guztiak mistokoak. Alpinistek ez zuten iltzerik erabili.

pelerins

Orratzaren ipar horman jarduera bikaina egin dute Jeff Mercier eta Korra Pescek: «Die hard rep-a-line» (V/5+/M7/90º).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo