GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

Autoan joango gara, «unha vez máis»

Matematikari onenari galdetu diezaiokegu; ea gauzak okerrago egin zitezkeen kalkulatu dezan, hondamendi handiagorik egin zitekeen azter dezan. EZ, okerrago ezin da. Beste ontziren batek gure itsasertza erregai ilunez estaltzen duen egunean, berriz ere, berrehun milatik gora boluntario joango gara, gure kontzientziak garbitzera. Autoan.

Orain hogei urte, 1992ko abenduaren 3an, 69.000 tona petrolio zeraman itsasontzi batek Coruñako ibai ahoan, Herkules itsasargiaren parean diren haitzak jo zituen. Bertako marinelak ozta-ozta atera zituzten bizirik salbamendu helikopteroek.

Eztanda ikaragarriak izan ziren, ontzia kiskali zen, ingurua erabat kutsatu, eta sortutako ke beltzak behartuta, lau mila biztanlek beren etxeak utzi behar izan zituzten. Egun oraindik, han da «Mar Egeo» itsasontzia, gertatu zenaren oroigarri, burdinazko arroka moduan. Ez du monumenturik behar.

Hamar urte beranduago, 2002ko azaroaren 13an beste ontzi erraldoi bat zuten galiziarrek beren kostaldetik gertu. 77.000 tona fuel oliorekin, Finisterretik 52 kilometrora zegoela eman zuen S.O.S abisua «Prestige» ontziko kapitainak.

Agintariek sei egun behar izan zituzten inoiz izan den atentatu ekologiko handienetako bat prestatzeko.

Munduko matematikari onenari galdetu diezaiokegu, kalkuluak egin, ea gauzak okerrago egin daitezkeen ikertzeko. Ea hondamendi handiagorik egiteko probabilitaterik ba ote zegoen azter daiteke, angelu guztietatik, eta erantzunak ikara ematen du; EZ, ez zegoen hondamendi handiago bat sortzeko aukerarik.

Ontzia ahalik eta gehien urruntzen saiatu ziren, bidean isurtzen zuten erregai kutsakor hark ahalik eta eremu zabalena har zezan, eta lortu zuten. Azaroaren 19an, ontzia bi zatitan hautsi zen, hondartzak eta harkaitzak beltzez margotu, animaliak hil, eta politikariak herritarrak iraintzen hasi ziren.

Hamar urte beranduago epaiketa hasi da eta ondorengo egun haietako irudiak ikusi ahal izan ditugu berriz ere. Baina, protagonistak itzelezko borondate onarekin alfer-alferrikako lanak egitera bertaratu ziren boluntarioak izan dira.

«Marea Blanca» deitu zuten hura da jendeak oroitzen duena. Oroitu nahi duena. Inor gutxi gogoratzen da politikari arduradunekin, inork gutxi ezagutzen ditu haien izenak eta asko dira zuriz jantzita haien alde bozkatzen jarraitzen dutenak.

Koilarekin harriei «txapapotea» kendu, eta halakoetan, bihotz oneko herritarrek izan ohi duten zerbait egin beharraren sentipena asetzen aritu ziren laguntzaileak, gau eta egun. Eta askok, elkartasuna balio gisa gertutik sentitu zuen lehen aldia izan zen. Gauza ederra da, talde lana, elkar laguntzea, solidaritatea.....«Peace and love mate!».

Eta horregatik, han izango gara, «solidarioek» ibiltzen dituzten buzo zuriekin, eskularruekin eta petrolioarekin egindako bota beltzekin, berriz ere, beste ontziren batek gure itsasertza erregai ilunez estaltzen duen egunean. Orduko hartan bezala, berrehun milatik gora boluntario joango gara, gure kontzientziak garbitzera. Noski, autoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo