Rip Curl pro Portugal 2012: Julian Wilson irabazle, eta Joel Parkinson rankingeko buru
Pasa den astean Portugalen egin zuten WCT itzuliko zortzigarren txapelketan ezusteko ugari izan zen. Finalean, Julian Wilson australiarrak Gabriel Medina brasildarra garaitu zuen. Slater hirugarren txandan kaleratu zuten, eta Parkinsonek buru jarraitzen du.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Rankingeko lehen postuak kinka larrian jarri dituen txapelketa izan da Portugalgoa. Aurtengo titulua irabazteko aukera gehien dituzten lehiakideek emaitza eskasak lortu dituzte, eta aldiz, rankingeko zerrendan erdialdean ziren zenbait surflarik gora egin dute.
Hala ere, rankingak bere horretan jarraitzen du, lehen postuetan orain artean egon diren berberak daude, baina haien atzetik datozenak gero eta gertuago daude.
Supertubos
Aurtengoa Penicheko Supertubos olatuan egiten den WCT mailako laugarren txapelketa da. Lehena 2009an izan zen, Rip Curl Search txapelketa gisa. Alegia, urtero lekuz aldatzen zen zirkuituko txapelketa hura Portugalen egin zuten, eta ordutik Mundakari lekua kendu zion.
Lehen txapelketa hartan sekulako itsaskia eta ekaitza izan zen. Txapelketa behar bezala egiteko arazoak izan ziren, baina antolatzaileen lan bikainari esker aurrera egin ahal izan zuten. Olatu handi eta indartsu haien artean, Mick Fanning australiarra izan zen irabazlea.
Bigarren urtean ere olatu handiak izan ziren eta ikuskizun ederra izan zen. Kelly Slaterrek irabazi zuen.
Iaz olatu perfektuak izan ziren. Lehiakideek bi metroko olatuetan tubo garbiak egiten gozatu ahal izan zuten, eta Slater, berriz ere finalean izan zen, Adriano de Souza brasildarrarekin. Azken honek irabazi zuen.
Aurten berriz, olatu onekin hasi zen txapelketa, baina lehiakideek ez zuten iaz bezala leku honek eskaintzen dituen olatu bikainetan ibiltzeko aukerarik izan. Olatuak aldakorrak izan ziren, ez zen batere erraza olatu on bat aukeratzea, eta horrek emaitzetan eragin zuen. Ezustekoak izan ziren, eta azkenean, Julian Wilson australiarra gailendu zen.
Ezustekoak
Lehen ezustekoa Slaterrek eman zuen. Inork gutxik pentsa zezakeen hirugarren errondan kaleratua izango zenik, baina hala izan zen. Raoni Monteiro brasildarrak olatu hobeak hartu zituen eta hamaika bider munduko txapeldun izandakoa garaitu zuen.
Lur jota atera zen Floridakoa eta bere karreran izan duen txanda okerrenetako bat izan dela onartu ostean, zera esan zuen: «Ez da munduaren amaiera. Ez da inor hil, txanda bat galdu dut, ez besterik. Ederki izorratu nau, baina hala dira gauzak eta horrela noa Santa Cruzera. Behin bakarrik izan naiz han, 1994an, eta lehen txandan kaleratua izan nintzen. Ea zer gertatzen den...»
Momentu horretan munduko titulua lortzeko aukerak asko murriztu zitzaizkion Slaterri, baina lehen postuetan aurkitzen diren eta bera bezala, 2012ko txapela eskuratzeko aukera gehien dituzten beste hiru arerioek ez zituzten emaitza oso onak lortu, beraz horri esker apur bat lasaiago egon daiteke Slater, rankingeko zerrendan bigarren postuan jarraitzen baitu.
Rankingeko buru den Joel Parkinson finalerdietan izan zen, baina Gabriel Medina brasildarrak kanporatu zuen. Aurrez ordea, final-laurdenetan John John Florence garaitu zuen, rankingean laugarren postuan den lehiakidea alegia.
Rankingean hirugarren postuan den Mick Fanning australiarrak ere ez zuen emaitza onik lortu; izan ere, bosgarren errondan kaleratu zuen Owen Wrightek. Eta Taj Burrowek ere behera egin zuen, egun zazpigarren postuan delarik.
Baina ezusteko handiena, dudarik gabe, txapelketa amaitzeko hamar segundo eskas falta zirenean gertatu zen, Julian Wilsonek olatu bat hartu, eta ordura arte irabazten zihoan Gabriel Medina gaztea menderatu zuenean.
Txanda amaituta, bi lehiakideak lehorrean zirela, tentsioa ikaragarria zen, mundu guztia isilik, epaileek Wilsonen azken olatuari zenbat puntu eman zizkioten jakin nahi zuten. 7,5 puntu behar zituen; hori lortuz gero irabazi zuen. Azkenean bozgorailuetatik iragarri zuten puntuazioa, 8,43 puntu, eta Wilson irabazle.
Medina gazteak ezin izan zion negarrari eutsi, minutu eskas bat lehenago txapela irabazi zuelakoan zegoen, pozez gainezka eta hain denbora gutxian egoera guztiz irauli zen. Oholtzan ere negar malkoei eusten nahiko lan izan zuen.
Gauzak horrela, Julian Wilsonek bere karreran lehen aldiz WCT mailako txapela eskuratu zuen eta ranking orokorrean sei postu gora egin zituen, egun zerrendan seigarrena delarik. Baina oraindik bi txapelketa falta dira itzulia amaitzeko, bata Kalifornian eta bestea Hawaiin.