GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | NAFARROA OINEZ ZIZUR TXIKIAN

Ilusio eta gogo handia jarri arren, euria dela-eta ez dituzte xedeak bete

p018_f02.jpg

Maider IANTZI

Euriak protagonista izan nahi zuen eta gogor saiatu zen bere zaparrada mardulekin. Nafarroako errepide batzuk itxita zeuden, eta giroa goibel goizean. Jendea burugogorragoa da, ordea, eta anitz izan ziren ilusio eta gogo handiz euskarari eta ikastolei laguntzera Zizur Txikira etorri zirenak.

Besta normaltasunez ospatu zedin, prestaketak bikoiztu zituzten eta aterpe ugari eta aparkatzeko alternatibak jarri. Pilar Vicente San Fermineko zuzendariak boluntarioen lana nabarmendu zuen, zorionak eta eskerrak eman zizkien eta dena ongi joateko bezperan goizeko zazpietatik goizeko ordu batera jo eta ke aritu zirela azaldu zuen. Kontent zen, ikasleak, ikasle ohiak, gurasoak eta irakasleak bezala, ekitaldiak hagitz ongi atera zirelako -nahiz eta norbait megafonoen kableak moztuz eta zaborra botaz zapuzten saiatu-. Euriak ere, gogor hasi arren, atertzera egin zuen.

Zenbakiei begiratuz, ordea, antolatzaileek jakinarazi zutenez, ez zituzten xedeak bete, eguraldiak «sekulako eragina» izan baitzuen. Lagundu nahi duenak nafarroaoinez.net-en egin dezakeela azaldu dute.

Dena dela, zortzi kilometro eta erdiko ibilbidean hogeita hamar kontzertutik goiti, ikuskizunak eta jolasak egon ziren gozagarri. Iruñetik bost minututik bost minutura ailegatzen ziren villabesak jendez beteta, ikastolatik abiatu, herria inguratu eta Ardoiko urbanizaziora arteko buelta egiteko aterkia eskuan, kolore anitzetako aterkiak. Gorputz osoa estaltzen zuten zirak jantzita ere bazebiltzan batzuk, Amurrioko Angel eta Maribel adibidez. Goiza zer moduz galdetu, eta «hola-hola» erantzun ziguten, «eguraldi honekin!». Halere, eguna pasatzeko eta laguntzeko asmo irmoarekin etorriak ziren.

«Begira nire eskuineko hanka!», «begira nire galtza!», erraten zioten bi neskak elkarri, hankak jasoz lokatza erakusteko. «Bildu galtzak, e!», abisatu zuen emakume batek, ikastolara ailegatzeko asfaltatu gabeko bide batetik igaro behar baitzen, «alfonbra gorria» deitu zioten batzuek umoretsu. «Erortzen bazara irri eginen dut, e!», ohartarazten zion alabak amari. Adin guztietako jendea alfonbra irristakor horretan ikusita, galtzak bilduta eta elkarri helduz, garbi ikusi genuen helburu ekonomikoak ez beteta ere ortzadarrak irabazi zuela.

«Euskara bihotzetik ahora» eta «Egin ezazu hitz» zioten muralak zeuden ikastolako leihoetan eskegita. Barrenean, ekitaldi bat egin zuten Jakiunde omentzeko, eta aipamen berezia egin zieten Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioari eta Euskalerria Irratiari. Bideo bat ere jarri zuten Argentinako herri batekoa. Bertan, ikastola bat dute eta euskaraz mintzatzen dira.

Jesus Mari Ugalde Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako presidenteari litografia bat eman zioten opari, Xabier Moraizek egina. «Euskararen, kulturaren, elkarrizketaren alde Nafarroan horrenbeste egin dutenek, duela 42 urte sortu zen San Fermin Ikastolakoek, omenaldia egin digute, eta guk ez dugu eurek bezainbeste egin, ezta gutxiagorik ere», adierazi zuen presidenteak. Jakiunde, akademien adin eskalan neurtuta, jaioberria da. Eta, zentzu horretan, omenaldi bitxia dela deritzo, «polita, oso hunkigarria, eta erakusten duena gizartean jendeak ikusten gaituela».

Ane Apezetxea euskara irakaslea da San Ferminen. 37 urte daramatza eta, beraz, «etxea» du. Ezkondu ere bertan egin zela aitortu digu! Duela 12 urte antolatu zuten Oinez, eta aurten berriro izan dute aukera, Bigarren Hezkuntza handitzeko. Gero eta ikasle gehiago dituzte, eta horrek, Apezetxearen iritziz, jendeak ikastolen hezkuntza proiektu berezia aukeratzen duela erakusten du, lemak dioen bezala, kolore eta hitz ugariko proiektu eleanitza.

Lekukoa Tuterako Argiari

Aitor Perez Mangadok azkeneko urtea du ikastolan ikasle gisa, bigarren Batxilergoa egiten ari baita. Momentu batean dultzaina jotzeari utzi zien gure galderei erantzuteko eta kontatu zigun Jaso ikastolatik etorria dela bera San Ferminera, han ez baitago Batxilergoa egiteko aukerarik, eta gustura dagoela hemen. Besta hauek garrantzitsuak direla azaldu zuen, ez dutelako laguntzarik jasotzen Gobernutik.

Tuterako Argia Ikastolak hartu zuen lekukoa ekitaldi hunkigarri batean. Susana Suarez lehendakariak heldu den urtea euskarak Erriberan duen lekuarentzat garrantzitsua izanen dela nabarmendu zuen. «Argia aukera bakarra da seme-alabak euskaraz hezi eta bizitzeko». 28 urte dauzka ikastolak eta ikasle ohien umeak ari dira ikasten. Zikloak segitu egiten du eta «benetan bideragarritasuna borobiltzea» dute orain asmoa.

 

NOLA LAGUNDU

San Fermin Ikastolakoek bihotzez eskertzen diete etorritakoei egin duten ahalegin izugarria eta dei egiten diete euskaltzaleei nahi badute honako kontu korronteetan laguntzeko: Euskadiko Kutxa: 3035.0145.66.1450044110; Rural kutxa: 3008.0077.14.0703177022; CAN: 2054.0082.10.9123939260; eta Kutxa: 2101.0970.01.0012925384.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo