«`Nire argazkia' dokumentalak eguneroko euskarari tokia ematen dio»
«Nire argazkia» dokumentaleko sortzaileak
Jokin Etcheverriak zuzendu du «Nire argazkia» dokumentala. ETBko «Chiloé» bidaia emankizunean eta «Burp» saioan parte hartu zuen eta dokumentala produzitu duen J.O.K films ekoizpen etxeko sortzailea da. Benjamin Duinat, Benito lagunentzat, filmeko gidoilaria da. Historia irakaslea izateko ikasketak egin zituen Parisen, eta gaur egun kazetaria da «Euskal Herriko Kazetan».
Idoia ERASO | URRUÑA
«Nire argazkia» dokumentalak euskalkiak agerraraztea du helburu. Horretarako, Euskal Herriko hiru euskalki aurkezten dira, Lekeitio, Azpeitia eta Donapaleuko hiru familia mintzaraziz. Dokumentalaren aurkezpena Bilboko Kafe Antzokian eginen da asteazkenean Beñat Achiary eta Urko Menaiaren kontzertuak lagunduta. 2013an Euskal Telebistan emitituko da.
Nola sortu zen egitasmoa?
Benjamin Duinat: Euskalkien inguruan ikus-entzunezko bat egin nahi genuen gisa erraz eta sinplean. Hasi ginen begiratzen zer zen egina horren inguruan, Ahotsak, Eleketan eta horrelako gauzak ikusi genituen. Horrek konbentzitu gintuen zerbait dinamikoa egin behar genuela.
Jokinek pentsatu zuen dinamikoa eta intimitatean sartzeko gisan izaten ahal zela, ez bakarrik aditzeko euskalkia, baizik erraten denari inportantzia emateko, biak lotuz. Beraz, argazkiak erakusteko eskatzea bururatu zitzaion, jendearen intimitatean sartzeko. Horregatik deitzen da «Nire argazkia», jendeari galde egiten zaiolako bere argazki bat aurkezteko.
Pentsatu genuen eduki bat eman behar zitzaiola, euskalkia interesatzen zitzaigun forma zela, baina edukia eman behar geniola eta argazkiekin ez zen aski, orduan belaunaldien arteko lotura izatea pentsatu genuen. Horregatik familia batzuk hartu genituen, hizkuntza bat nola aldatzen den, edo ez, ikusteko.
Esaterako, Donapaleuko familian, euskalkia mantentzen bada ere, aitatxi eta amatxiren eta semetxien artean bada alde gehiago Azpeitiko familiakoen artean baino, ingurumen euskaldunagoa delako beharbada.
Zer kontatzen da «Nire argazkian»?
Jokin Etcheverria: Badira hiru familia proiektuan, baina filmean Benito bere bidaia egiten ikusten dugu Euskal Herrian zehar, familiaz familia. Familiekin tartekatuz Iñaki Gaminderekin egoten da, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzailearekin.
Ez dugu artxibatze lan bat egiteko pretentsioa, ez da lan zientifikoa. Iñaki Gamindek bai egin du lan hori 30 urtez, 2.600 informe baditu, eta berak esplikatu digu nolakoa den lan prozesu hori, oso zientifikoa. Gure ideia da euskalkiak topatzea, hartzea, baina gu ez gara zientifikoak izanen, horretarako dugu Iñaki Gaminde.
B.D.: Berarengana jo genuen hizkuntzalari baten eskutik jakiteko euskalkien gainean gaur egun zer ikerketa burutzen diren eta problematika nagusiak zeintzuk diren, eta biziki interesgarria iruditu zitzaigunez sartu egin genuen. Behin azaltzen du zer den euskalki bat, gero esplikatzen du nola pasatzen den bere elkarrizketa bat euskalkien gaineko ikerketa bat burutu ahal izateko. Bukatzeko berak ere argazki bat presentatzen du.
Hastapenean euskalkien gaineko gauza bat egin nahi genuen, baina berarekin mintzatuz konturatu ginen sobera argazki linguistikoa zela, berak erran zigun gaur egungo problematikak ez direla horiek, baizik eta ikustea norantz doan hizkuntza.
J.E.: Horrek kontzeptua ere borobiltzen du, euskalkiak gai bat dira, baina euskalkien atzean gai asko badira. Hizkuntza bat nola moldatzen den belaunaldi batetik bestera, baita ere sozialki. Ideia da ere erakustea Gamindek esaten duena: «Hizkuntza bariasinua da», bizia bezala.
Zein da helburua epe luzera?
B.D.: Nahi dugu proiektua garatu. Interesgarria iruditzen zaigu euskararen aldetik, kuriosoa ere jendearen intimitatean sartzeko. Eta iruditzen zaigu eguneroko euskarari toki bat ematen diola.
J.E.: Euskalkiek erakusten digute dibertsitatea, euskaldun bezala sentitzen ahal zara exotikoa zure herrian eta hori niretzat aberastasun bat da. Horrek gogoa ematen du gehiago egiteko.
Zergatik aukeratu zenituzten Lekeitio, Azpeitia eta Donapaleu?
B.D.: Gaminderi galde egin nion lehenbiziko ale bat egiteko zer hartu beharko litzatekeen, jakinez Bizkaiko, Gipuzkoako eta Iparraldeko bana hartu nahi genituela. Eta hark erran zidan bere ustez hartu behar zirela Bizkaian Lea-Artibai eta Gipuzkoan Azpeitia, hango euskalkiak bereziki aberatsak direlako. Gomendio horri segituz hasi ginen, eta gainera horrek problema gutxiago ekartzen ditu, zonalde biziki euskaldunak direlako, eta hala, familia osoa euskalduna izateko xantza gehiago badira. Bestalde, Donapaleukoa eztabaidatzen hasi ginen. Lapurdiko familia bat topatu nuen, baina azkenean ez zen gauzatu, eta Donapaleukoarekin ongi joan zen.
J.E.: Etorkizunean ideia da soinu ezberdinak lortzea, eta beste toki batzuetara joanen gara, probintzia ezberdinetara.
Zeintzuk dira hurrengo aleko euskalkiak?
B.D.: Eskas diren probintziak beto ditugu. Nahiko genuke Aramaioko familia bat hartu, zeren eta Araba da eta bizkaiera mintzo da, pixka bat bitxia da. Lapurdi, bistan dena, gurea den Lapurdiko itsas-hegiko euskara agerraraztea, Xiberoa eta Nafarroan Baztan edo Bortziriak.
Familiekin nola joan da?
B.D.: Familietan batzuetan ongi, gaizki sekula ez, baina batzuetan erdizka. Batzuetan ez zuten ongi konprenitzen zer nahi genuen, zer kontatzen ahal ziguten interesgarria izaten ahal zena. Orokorki biziki harrera ona izan dut familia gehienetan.
J.E.: Errealizazio aldetik ideia da ez izatea sentsazionalista. Ideia da familiekin zerbait polita egitea, freskoa eta errealista izatea, baina aldi berean oroitzapen polita ateratzea.
B.D.: Intimista izatea, baina sentsazionalista izan gabe. Jendearen hasierako kezka horiek uxatzea pixka bat mintzatuz, eta hala, sobera bilatu gabe ohartzea denok ditugula gauza batzuk aski interesgarriak kontatzeko eta politak izaten ahal direnak bertze batzuek aditzeko. Grabatzera joaten ginen, petit comité-an, Jokin, kamera eta ni. Komeni da horrela izatea, bai sosen aldetik, baita intimitate hori irudikatu ahal izateko ere, pertsona eroso sentitu dadin.
Euskalkiak arazo izan al dira? Dena ulertzen zenuten?
J.E.: Egia esan, edizioa egin dut, dena hogei aldiz ikusi dut, eta orain ulertzen dut, baina hasieran ez nuen dena ulertzen. Baina ideia hori proiektuarekin hautsi nahi dugu. Nik hori oso ongi dakit Iparraldekoa bainaiz Bilbon, anitzetan esaten didate ez zaitugu ondo ulertzen eta Hegoaldeko lagun batekin heldu banaiz nire amatxik gauza bera esanen du. Baina hori hautsi nahi dugu, ez bada dena ulertzen, gaia behintzat ulertzen dela testuinguruarekin.
Topatzen dituzu sentimenduak, gaia ulertzen duzu. Ez dut uste jende gehienak dena ulertuko duenik, euskalkiak oso markatuak baitira, baina zentzu orokorra ulertuko da, eta horrek egiten du gure hizkuntzaren aberastasuna. Ez dugu beti elkar ulertuko, baina zerbait konpartitzen dugu elkarrekin. Hori euskaldun bezala asumitu behar dugu, eta muga hori apurtu.
B.D.: Proiektu honen bidea da baliabideak ematea gisa sinple eta dibertigarri batean toki ezberdinetako euskalkiak hobeki konprenitu ahal izateko. Batzuetan traba bat bezala ikusten dugu, eta guk horri atea ireki eta sartzeko bidea egin nahi diogu.
Azpitituluak jartzea pentsatu al zenuten?
B.D.: Euskalkia problema bat da, baina bada espainol eta frantsesaren problema ere, azkenean ohartzen da dokumentala ikusiz eta eguneroko mugaz gaindiko bizian. Egia da bizkaieraz ez baldin badakizu Lekeitioko edo Ondarroako bat konprenitzea zaila dela. Baina ez badakizu bizkaieraz eta ez badakizu espainola, zaila da arras. Hori ikusten da filmean. Eguneroko euskara mintzatzeko maneraren gainean ere gogoetatzeko balio du. Elkar hobeki konprenitzeko hori ere bada oztopo, eta ea nola egiten dugun horrekin.
J.E.: Ez genuen lan didaktiko bat egin nahi euskalkiei buruz. Euskalkia euskara da eta hori sentiarazi nahi genuen narrazio baten bitartez. Horregatik ez ditugu azpitituluak eman nahi.