Julen Zabalo Sociólogo
Gehiengoak kudeatu beharra
AAliantzak bultzatzea beti da erakargarria eta arriskutsua aldi berean. Erakargarria, indar metaketa horrek gehiago edo handiagoa izatearen pertzepzio subjektiboaz gain, praktikan (ez beti, ordea) hauteskunde ondorio biderkatzailea dakarrelako, indarrean dauden hauteskunde sistemak direla eta. Arriskutsua, indar metaketak koherentzia galera dakarrelako halabeharrez eta, hortaz, kideen arteko eztabaidak eta tirabirak areagotzeko aukera.
Hego Euskal Herrian azkeneko hauteskundeetara aurkeztu diren ezkerreko aliantza desberdinek aipaturiko erakargarritasuna bultzatu dute, emaitza bikainak lortu baitira kasu guztietan, nahiz eta ez duten efektu biderkatzailea beti lortu. Atzoko 277.000 botuekin, esate baterako, ez dira gainditzen 1998an Euskal Herritarrok-ek eta EAk, banaka, lortutako 332.000 botuak, orduan abstentzio txikiagoa eta errolda apur bat handiagoa izan baziren ere. Hala ere, eserlekuetan irabazi egiten da, horiek baitira, besteak beste, aliantzen onurak: botu gutxiagorekin eserleku gehiago.
Emaitza onen erakargarritasunak, ordea, ezin du ezkutatu aliantzen beste aldea, arriskuena, egoera berri honetan erabaki beharko baitira funtsezko kontu bi: aliantzaren oinarria den indar metaketari zelan eutsi, eta aliantza bera zelan kudeatu. Hori dena bi mailatan, nire ustez.
Maila batean bada gai nagusi bat, independentziarena edo estatuarena, denon ahotan egon dena (gehiago unionistenean agian, paradoxikoa bada ere, gaiaz ez baitzuten mintzatu nahi) eta irakurketa eta aurrerapauso bateratua eskatuko duena. Indar metaketa, edo gehiengo soziala biltzea, ezinbestekoa da kasu honetan, besteetan baino gehiago, eta horrek azterketa lasaia eskatzen du. Izan ere, urteetan batutako inkomunikazioak, mesfidantzak eta baita herrak ere erraz itsutu gaitzake. Norabiderik markatu nahi izan gabe, adibide esanguratsua emango dut. GARAk kanpainaren hasieran argitaratutako inkesta batzuen berri ematean, datu interesgarria, eta ustekabekoa agian, ematen zuen: gobernu aliantza bat osatu behar izanez gero, EH Bilduko hautesleek EAJ hobesten zuten, eta EAJkoek, EH Bildu. Adierazi nahi dut, gobernu osaketatik at, eta pellokeria izan ahal bada ere, gehiengo soziala gizartearen gehiengoa batzea dela, eta horrek jarrera berezia eta lanketa handia eskatzen duela.
Eta bada beste maila bat, gai asko barne hartzen dituena, denak oso korapilatsuak eta aliantzako kideen ikuspuntu desberdina izan dezaketenak. Gai arantzatsuak dira askotan: krisi ekonomikoaren aurreran zer jarrera hartu, edo presoen gaia nola kudeatu, esate baterako. Kasu hauetan ere indar metaketa bilatzen da, baina eguneroko gaiek zehaztapen handiagoa eskatzen dute, eta zehaztapenetan sartzeak iritzi desberdintasunak ekarri ohi ditu. Kide guztien erantzukizuna eskatu ohi da halakoetan, kide askoko aliantzetan tirabirak noiz agertuko zain egoten baitira beste indar politikoak.
Azken batean, arazoa da indarrak metatzeko helburuz osatzen joan diren aliantzak arrakasta handia lortzen joan direla, eta orain arrakasta lortu duten guztiei agertzen zaien galdera edo zalantza bera agertzen zaiola EH Bilduri: zelan kudeatu arrakasta? Hauteskunde ziklo bat itxi da, eta beste fase batean sartzen gara. Ziklo horretan izandako emaitza onek berplanteamendua eskatzen dute, eta helburuak eguneratu, eta oraingo helburua da gehiengoak zelan kudeatu, eta zelan lortu gehiengo sozial hori aktibo irautea estatuen, enpresa handien edo neoliberalismoaren erronkei aurre egiteko.