Maider Eizmendi Kazetaria
Esan zuten hura gogoratzeko tresna
Hauteskundeen zurrunbilotik irtetea ez da erraza. Asteburuko eguraldi malapartatuak ere ez du nahikoa meritu egin igogailuko hizketaldian bozkei lekua kentzeko; eta saiatu, ondo saiatu da, gero. Biharamunean beste hainbeste, jo eta su datuak begiratu, errepasatu eta konparatu...
Gai berari bueltaka aritzea nekagarria da gehienetan, baina larritu eta arduratzeko litzateke kontrakoa ere, boza eman eta «kitto! Egin beharrekoa egin dugu» pentsatzen dugula esan nahiko bailuke gainerakoan horrek. Egun batzuetan behintzat jarraituko du hizketaldien trending topic izaten.
Teknologiek aurrerapauso handiak egin dituzte. Ikusi besterik ez dago zein azkar zenbatu zituzten bozak batean eta bestean, zein azkar igorri zituzten eta zein azkar hasi ziren ospatzen han eta hemen. Horiek hala, teknologiak erraz jarriko luke hautagaietako bakoitzak hamabost egun luze hauetan esandakoak audio formatuko dokumentu batean biltzea eta, horrenbestez, datozen lau urte hauetan esan eta promes egin dutena betetzen ari direla ziurtatzeko herritarrei tresna bat ematea. Ni ez naiz kontu horietan aditua, baina teknikoki behintzat erraza litzatekeela iruditzen zait. Ez da egiten, ordea; eta nago, ia inor ez dela horretarako prest egongo.
Herritarroi hemeroteka lana egitea geratzen zaigu gainerakoan; baina, tamalez, askorentzat boza ematera mugatzen da parte hartzearen kontua. Eta tamalez diot, bestela izango balitz, politikariak estuago lotuta sentituko liratekeelako kanpainan.
Hitzen azpitik irakurtzen erakutsiko ligukeen gailu bat ere enkargatuko nieke nik asmatzaileei. Hauteskunde kanpaina honetan laguntza ederra eskainiko zigun ditxosozko gailu horrek, esan eta esan, ezertxo ere esan gabe aritzen direnen mezuak ulertu ahal izateko. Artea iruditzen zait hori, abilidadea eta, zentzu batean, iruzurra; baina, antza, bozak biltzeko balio du, nahastura horretan murgiltzeak; eta hori da garrantzitsua, ezta?