Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Hizkuntza sekretuak
Behin Paraguain egon nintzen kontatzen. Eskola publiko batean kontatzeko zain nengoela haur pare bat gerturatu zitzaidan galdeka, nondik nentorren eta zertara eta horrela. Halako batean beraien artean guaranieraz mintzatzen hasi ziren, ondoren niri begiratu eta barrez hasi, berriro begiratu eta komentario batzuk eginez, berriro barrez. Orduan ni euskaraz hasi nintzaien, nik ere hizkuntza «sekretu» bat nuela esanez. Haurrak begira-begira gelditu ziren. Baten harridurazko aho zabala gogoratzen dut. Izan ere, euren eskemetan ez zen sartzen guaranieraz edo gaztelaniaz kanpo hizkuntzarik, are gutxiago, ni bezalako zuri «espainol» baten ahotik. Egun horretan, ipuin saioa euskaraz hasi nuen Asuncioneko eskola publiko horretan.
Hizkuntza sekretu baten jabe izateak haurrengan halako lilura sortuko du; agian horregatik txikitan hizkuntzak asmatzen jarduten gara, hitza jolas bihurtuz. Paraguaiko eskola hartako haurrengan euskararen doinuak zein inpresio utziko zuen ezin jakin, baina euren aurpegi harrituak ikusiz, bi minutuz arreta itzela mantentzeak, ulertezinezko hitzak eskainita, mintzatzearen gaineko gogoetara eramaten gaitu. Mintzoa ez baita sormen hutsala, gure izatearen barne lurraldeetako adierazpen zoragarria baizik.
Euskaraz kontatzerakoan sekretuen gordelekuetan barrena ere abiatzen gara. Harriduraren lurraldeetan. Mintzoaren liluran. Euskaraz kontatzea ez da bakarrik istorio, eder, harrigarri edo, akaso, nardagarri bat eskaintzea, mundu bat azaleratzea ere bada, istorio, mintzo, kontalari eta entzulearen artean eraikitzen den mundua. Eta istorioa amaitzean sekretu bat gordeko da.