Zerga arloko akordioa hitzartu dute EAJk eta Bilduk Getxon, krisiak kaltetutakoen alde
Akordioak sektore behartsuenentzat Ondasun Higiezin gaineko Zerga ordaintzeko laguntzak jasotzen ditu; luxuzko ibilgailuei, aldiz, zerga igoko diete. Aldaketa horiek bihar onartu beharko dituzte udalbatzan.
GARA | GETXO
Getxoko gobernu taldeak eta Bilduren udal taldeak akordioa itxi dute 2013rako 5 udal zergaren gaineko ordenantza arautzaileren inguruan: OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, TMIZ Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zerga, EILZ Eraikin, Instalazio eta Lanen gaineko Zerga, Hiri-lurren Balio-gehikuntzaren gaineko Zerga (Gainbalioa) eta JEZ Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga.
Imanol Landa Getxoko alkateak prentsaurrekoa eskaini zuen atzo Ana Helguera Ogasun zinegotziarekin eta Maitane Nerekan Bildu udal taldeko bozeramailearekin batera, eta positiboki baloratu zuen Bildurekin lortutako akordioa. Alde horretatik, borondatea eta itxaropena agertu zituen akordio hori ondorengo hitzarmenen aurrekari izan dadin, «egun bizi dugun egoera larria dela-eta, oso beharrezkoak baitira».
Akordioan, halaber, 250.000 euroko diru saila jasotzen da sektore behartsuenei laguntzeko, datorren urtean OHZ ordaindu ahal izan dezaten. Hala nola desgaituei edo menpekotasun egoeran daudenei, tratu txarren biktimei, hipotekari aurre egin ezinda etxetik kaleratzeko arriskuan direnei eta guraso bakarreko familiei zuzendutako laguntzak dira.
Diru-laguntza horiek, Ogasun zinegotziak azaldu zuenez, batez ere, bi kolektibori begirakoak dira: pentsiodunak eta emakumeak. Zerga horrek, hain zuzen, gobernu-taldeak eta Bilduren taldeak lortutako hitzarmenaren arabera, ez du igoerarik izango 2013an, Gainbalioarenak eta EILZ-k bezala.
Luxuzko ibilgailuei igoera
Ibilgailuen gaineko zergari dagokionez, akordioaren arabera, igoerak ez die eragingo industriarako ibilgailuei (kamioiak, autobusak eta traktoreak). Auto arruntek KPIren pareko igoera izango dute (75 zentimo eta 4 euro artekoa urtean) eta salbuespena luxuzko motozikletak eta 16 zalditik gorako autoak izango diraa. Horiei 28 eta 128 euro arteko igoera ezarriko diete, aurreko urteetako igoera eza berreskuratuz.
JEZi dagokionez, tarifak KPIren pare igoko dira. «Nabarmentzeko da zerga horrek ez duela eraginik salerosleen eta enpresari txikiengan, urtean 2 milioitik beherako salmentak izanez gero, ez baitute ordaindu behar», argitu zuen Landak.
Azkenik, benetako presio fiskalari dagokionez, Ana Helguerak azaldu zuen 2,1 puntu jaitsiko dela, batez besteko igoera %1koa izango baita eta KPIren igoera %3,1koa izan baita. OHZ ordaintzeko pertsona behartsuenei zuzenduko zaizkien diru-laguntzak kenduta, 2013rako aurreikusitako zerga igoerarekin 230.000 euro bilduko dira.
Imanol Landa Getxoko alkatearen hitzetan, lortutako akordioa «progresibotasunean eta justizia sozialean» oinarrituta hitzartu da eta eragin oso txikia izango du presio fiskalean Getxoko herritar gehienentzat.
Bilduk gogor gaitzetsi zuen akordio honi buruzko «informazio okerra zabaltzen tematu den PPren jarrera». Maitane Nerekan Bilduko zinegotziaren esanetan, «faltsua da akordio honekin IBIa igoko dela eta gutxien dutenak itoko dituela».