GARA > Idatzia > Kultura

Udazkenean egunerokotasuna arte garaikide bilakatzen da

Claes Oldenburg (1929, Stockholm) pop artearen aitzindariaren 300 bat lan ikusi ahal izango dira gaurtik aurrera Bilboko Guggenheim museoan. Erakusketa berezi hau -ezohikoa da bai edukiagatik bai artelan hauek ikusteko beste aukerarik ez delako izango- euskal museoek udazkenerako prestatu duten eskaintzen arteko «izartzat» jo daiteke.

p047_f01.jpg

Amaia EREÑAGA | DONOSTIA

Bilbon bada zer ikusi datozen hilabeteotan: Arte Ederretako Museoan zabaldu berri den Fernando Botero kolonbiarraren «Ospakizuna» erakusketaz aparte -datorren urteko urtarrilera arte egongo da ikusgai-, Guggenheimen, denboraldiaren aldaketarekin, «udako arropa» gorde dute udazkenekoa ateratzeko. Hainbat hilabete zintzilik daramatzan Egon Schiele austriar espresionistaren unibertsoan barneratzen gaituen erakusketari Claes Oldenburgena gehitu zaio gaur.

1950eko hamarkadako amaieratik artista garrantzitsu eta ezagunenetako Oldenburgek eguneroko objektuak modu sakon eta umoretsuan irudikatzen ditu. Bilbokoa, gainera, -Vienatik dator artelan sorta eta gero New York eta Mineapolisera eramango dute- artista honek 1960ko hamarkadan egindako lehenbiziko artelan iraultzaile eta enblematikoekin inoiz egindako erakusketa zabalena da. Achim Hochdörfer komisarioak atzo aipatu zuenez, bira honen ondoren zaila izango da oso lan hauek zuzenean berriz ikusi ahal izatea, hauskorrak direla-eta.

«Ikusleengan jakin nahia sortu nahi dut», aipatu zuen Oldenburgek berak. Hori dela eta, «etxe modernoaren» objektuak erabiltzen ditu modu arrunt ikusgarrian, hausnarketa bat sortu nahian. «Irudimena erabil ezazue», gehitu zuen, bere lanak «erokeria kreatiboak» direla argituta. Bertan arte garaikidearen ikur diren lan ugari dago ikusgai, hala nola «Kalea» (The Street, 1960) instalazioa -grafiti estiloko irudiak, hiri handiko bizimodu modernoa gai dutenak- edo «Denda» (The Store, 1961-62) instalazioa.

Donostiako Koldo Mitxelena guneak, bestalde, arte garaikidearen aldeko apustuari eusten dio -«horretarako erakusleihoa izan da sortu zenetik eta hala jarraituko du», Garazi Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Kultura zuzendariaren hitzetan- eta aurtengo azken erakusketarako filmaren eta bideoaren alorrean artista garaikide bat aukeratu du. Fiona Tan-en (Indonesia, 1966) «Abiapuntua» lana Andaluziako Arte Garaikidearen Zentroarekin eta Siegeneko Arte Garaikidearen Museoarekin elkarlanean (Alemania) sortua da. Fiona Tan, artxiboko eta filmotekako irudiak oinarritzat hartuta, behatzailea eta behatua zalantzan jartzen zituzten lanen bidez egin zen ezaguna, iragan kolonialari buruzko baieztapenak ezbaian jarriz.

Gasteizko Artiumek, azkenik, Beatriz Olabarrieta bilbotarraren «Motor Motor»-ekin bete du Praxis gunea. Hutsik dagoen areto batetik abiaturik eta Praxis programaren oinarrian dagoen «zeuk egizu» (do-it-yourself) filosofiarekin leial jokatuz, museoko materialak berrerabili ditu eta beste berri batzuekin elkartuz instalazio erraldoi bat osatu du, mekanismoa, barruko aldea, erraiak, agerian dituena.

ZUBIAN

Artiumen, aste honetako zubian, instalazio berri bat aurkeztearekin batera, «artearen beharra» aldarrikatuko dute: ikusleek beraien burezurrak diseinatuko dituzte «Grey Flag» proiektuarekin loturiko jardueran.

Fitxa

Guggenheim Bilbo museoa: «Claes Oldenburg. Hirurogeiko hamarkada», 2013ko otsailaren 17ra arte. Hitzaldia eskainiko du gaur 18.30ean.

Koldo Mitxelena aretoa (Donostia): Fiona Tan-en «Abiapuntua-Point of departure», 2013ko urtarrilaren 26ra arte. Bisita gidatuak kmbisitagidatuak@ereiten.com  edo 943 112 750 telefonoan.

Artium zentro-museoa (Gasteiz): Beatriz Olabarrietaren «Motor Motor» instalazioa, 2013ko urtarrilaren 6ra bitarte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo