GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello ZABALA eguraldian aditua

Aspalditakoa hauxe

Solstizio eta ekinokziotik 40 egunera, hortxe ospatzen zituzten zelta prestu haiek festegun oparoak. Noski, bakoitza bere ingurumari bereziarekin. Argiaren etorrerakoa, Kandelariotan, Imbolg deituko ziotena. Udaberriko ekinokziotik 40 egunera, Beltain, maiatz leheneko su-festa handia. Udako solstiziotik 40ra, Lagnasad, abuztuaren hasieran, festagiro aparta alde oro sortuz. Eta udazkeneko ekinokziotik 40ra, Samain, 3 eguneko ospakizuna, urriaren azken egunetik hasita, azaroaren 2 lehenetan. Hiru egunok, guztiz magikoak ziren: udazken giro gero eta bilduagoarekin batera, etxeko hildakoekin harremana eta komunikazioa lotzeko egun aproposak. Auskalo noiztikoak gure guraso eta aurrekoekiko harreman deboziozko hauek.

Lehenagoko baserrixka haietan, 3 egun eta 3 gauotan, etxeko ateari ez zitzaion sarraila eta maratilarik ezartzen: beti zabalik, bertakoek ikusi ez arren, etxeko hildakoek bizitoki ezaguna bisita nahi bazuten: mahai gainean, han zegoen mokadutxoren bat prest, hala egunez nola gauez.

Garagardoa zuten 3 egunotako edaria. Janaritan, berriz, intxaurrak eta lukainka, labeko ogi gozoz lagunduta. Urteko lau festa handiotan, suaren erritua zen sakratuena: druidek ez bestek ezin zuten piztu.

Antzinako festegun hauen aztarrenak badira oraindik ere Frantzia iparraldean, bai eta Britainia aldean ere: Berryko bailaretan, kanpai-hots eta ezkila errepika bereziak jotzen dituzte azaroaren 1ean; eta 2an, kanpai-joleak dirueskea egiten dute herrian barrena. Santu Guztien Egunez, paraje haietan ez dira deskuidatuko zaldi eta behorrak libre uzten: hildakoen arimak hartu eta haien gainean zaldun ibiliko diren beldurrez, aziendak lau hankan estutu eta ito arte.

Santu Guztienez, baita kanpai eta ezkila errepikak dirauten bitartean, fruitondoak lasto-korapiloz hornitzen dira, kanposantura lore-sortaz joan aurretik. Afaritan, gaztaina erreak jateko ohitura dute paraje nordiko horietan: baina, hori bai, beti utziko dituzte gaztaina batzuk mahaian jateko pronto, hildakoen arimak arrimatuko balira, zer jana izan dezaten...

Usadio zahar aspaldikoak, ospakizun estimatuen seinaletakoak. Herrian hain uztartua zegoena, kristau erlijioak zain beretik bereganatu zuen, bi eguneko ospakizunetan: Santu guztiena, bata; eta hildako guztiena, bestea. Iparralde gorenekoan VIII. mendean ospatzen zituen kristauak; Erromara X. mendean iritsiko ziren.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo