Mikel Arrieta Iraola | Hernani
Atez atekoak botoak ematen ditu... behin jarriz gero
Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzak direla-eta, asko azpimarratzen ari da Gipuzkoaren kasuan atez atekoaren eragina.
Bada, ziur aski, arrazoia dute, eragin handia izan du, nire ustez, azken finean gure herrian, Hernanin, antzeko prozesu bat bizi izan genuen. Hernanin ere atez atekoa jarri aurretik sekulako iskanbila izan zen edo, hobeto esanda, PNV-PSOEk, «Diario Vasco» eta «Noticias de Gipuzkoa» komunikabideek sekulako alarma soziala piztu zuten. Herritar asko maila ia irrazionalean ixten ziren atez atekoaren aldeko argudioen aurrean. Giroa asko nahastu zen. Ziur asko, udal hauteskundeak atez atekoa jarri aurretik egin izan balira, Hernanin Bilduk alkatetza galduko zuen.
Baina atez atekoak beldur ikaragarriak pizten baditu ere, sistema honek gauza oso on bat du, behin jarri eta gero, izua desagerrarazten duela. Sistema hain erraza eta sinplea da, non herritarren gehiengo handi bat berehala egokitzen den. Aurka zeuden herritar askok eta asko ohitura aldaketa txiki batekin askoz gehiago berziklatzen dutela ohartzen dira. Askorentzat erosoagoa da, beste batzuengan kontzientzia ekologikoa sorrarazten du, besteengan kontsumo ohiturak aldatzen ditu. Baina jakina beti geratzen da gutxiengo bat beti aurka mantenduko dena. Hori bai politikoki, atez atekoaren aurkakoak oso-oso neutralizatuak geratzen dira. Horren adibide dira Hernani, Usurbil, Oiartzun eta Antzuolaren emaitzak, non egungo emaitzekin udal hauteskundeen gehiengo absolutuak mantendu edo sendotuko liratekeen.
Horregatik, atez atekoa jarri nahi duten indar politiko, udal eta herritarrei bide horretatik sakontzera eta urratsak egitera animatu nahi ditut. Herritarrengana hurbiltzen jarraitzea ezinbestekoa da eta herritarrekin zalantzak eta beldurrak uxatzeko ahaleginetan indarrak areagotzea eta tresnak gehitzea behar-beharrezkoa. Esfortzuak merezi du, esfortzuak fruituak ematen ditu eta azken finean, ez ahaztu gu, ezker abertzalearen partaide sentitzen garenok behintzat, gizarte eredu hau aldatzeko lanetan ari garela.