Xanti Begiristain Madotz | Auritz
Zer gertatzen da EITBn?
Euskaltzaindiak duela zenbait urte, besteak beste, honako hauxe idatzi zuen bere Hiztegi Batuan: «bailara iz. Gip. `eskualde txikia' (ez da `haran' edo `ibar'-en sinonimoa)». Eta hiztegiaren orrialde bakoitzaren bukaeran beste honako hau agertzen da, alegia, «Oharra: zerrenda honek arau maila du».
Hara, bada, aurreko egunetan Euskal Herrian izan diren euriteak direla-eta, 2012-10-22an, Euskadi Irratiko ordu bateko albistegian (baita aurreko egunetan ere) honako perla hauek entzun dira: «Saraitzu eta Erronkari bailaretan...»; «Saraitzutik Frantziarako errepidea...»; «...dagokionean...», eta abar, Saraitzu ongi balego bezala, «bailara» eta «ibar» edota «haran» gauza bera balira bezala, Zuberoa euskaldunontzat Frantzia balitz bezala, eta, «dagokionean» eta «dagokionez» berdinak balira bezala.
Geroxeago, ETB1en, ordu bietako «Gaur Egun» albistegian, kasu honetan ere euriteak zirela-eta, Liedena esan dute Ledearen ordez. Eta bukatzeko, programa berean, eguraldiaren atalean, Andoni Aizpuruk kexa txiki bat egin du, normalean ez dituztelako jasotzen edo ez zaizkielako iristen Iparraldeko datuak.Gezurra dirudi, 2012an, hainbeste aurrerapen tekniko eta teknologikorekin, EITBk oraindik arazoak edukitzea Ipar Euskal Herriko eguraldi-datuak lortzeko.
Ni neroni, dagoeneko nahiko aspertuta eta nazkatuta nago, urtero antzeko gauzak esan behar izateaz. Antza denez, oraingo EITBko zuzendaritzakoek ez dituzte hartzen Nafarroa Garai eta Iparraldeko kontu eta gaiak behar luketen funts eta profesionaltasunarekin. Behin baino gehiagotan ikusten dira akatsak eta errespetu eskasa; ematen du Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko gauzak eta arazoak bigarren mailan uzten dituztela. Sarritan, erdipurdiko moduan jokatzen dute aipatutako terminologiarekin.
Espero dezagun Gasteizko Eusko Legebiltzar eta Eusko Jaurlaritza berriekin gauzak pixka bat zuzentzen hastea, baita gai honetan ere.