GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ezkerreko abertzaleen gune politiko komuna egituratzea bozkatuko du ABren batzarrak

Azken urteetako elkarlanari esker, AB, Batasuna eta EA indarren artean lortutako «sintonia» nabarmenduta, 2001eko zatiketa gainditutzat eman du ABk. Urrats berria proposatu dio bere militantziari: independenteak ere integratuko litzukeen gune politiko komuna egituratzea.

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Iaztik lantzen ari diren ezker abertzalearen berrosaketan aitzinatzea eztabaidatuko dute ABko ohiko batzarrean. «Azken urteetan alor askotan elkarlanean aritu gara eta urrats handiak egin ditugu estrategiak bateratzeko orduan. Egun esan genezake, 2001eko zatiketa gainditua dagoela eta lan-ildoetan sintonia erdietsi dugula. Orain urrats berriak egin behar ditugu espazio politiko komuna egituratze aldera», esan zuten Peio Etxeberri-Aintzartek eta Michal Alzibarrek.

Prozesu hori «urratsez urrats» egingo dela gaineratu zuten: «Irunen hitzartutako engaiamendu estrategikoa oinarri hartuta, hiru alderdiok -AB, Batasuna eta EA- mugimendu politikoa eraiki behar dugu Ipar Euskal Herrian, alderdikideez gain, ezkerreko abertzale independenteak ere bere baitan integratuko dituena». Argi utzi zuten, «momentuz» ez direla alderdi berri bati buruz ari, mugimendu bateratzaileaz baizik.

ABren idazkaritzak ildo horretan doan ponentzia bakarra aurkeztu dio militantziari, azaroaren 10eko biltzarrean bozkatuko dena. Etxeberri-Aintzartek ez zuen ezkutatu jarrera ezberdinak -«betiko bi ikusmoldeak»- daudela planteatzen duten urrats horrekiko.

Lan oparoa

Aldez aurretik, igarotako urtean egindako lan-politiko oparoaren (bost alderdien arteko akordioa, hauteskundeak, Ipar Euskal Herriko erakundetzea, barne-galdeketa, gatazkaren konponketan egindako urratsa Bake Bidea ren sorrerarekin, Bil Gaiten ekimena...) balantzea egingo dute.

Aurrera begirako lanak ere hizpide izango dituzte, besteren artean, bake-prozesua, eraikuntza nazionala eta 2014-2015eko bozei begira «ahalik eta era koherente eta adostuenean» egin beharreko lan mardula.

BI HITZORDU

Batzarra azaroaren 10ean, goizeko 9:00tan hasiko da Uztaritzeko Lapurdi aretoan. Arratsaldean Herrirak Baionan antolaturiko manifestaziora joateko deialdia egin du ABk

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo