GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Jean Dauguer

Avironek, goranzko bidean jarraitzen du

Lehen zati orekatuaren ostean, lapurtarrak nagusi izan ziren bigarrenean, eta garaipen erosoa lortu zuten.

p034_f01_148x108.jpg

AVIRON 22

STADE BORDELAIS 11

Jon LEUNDA

Avironek pauso bat eman zuen aurrera atzo Stade Bordelais mendean hartuta. Lehen sailkapenean biak berdinduta zeuden, baina une honetan lau puntu kentzen dizkio talde lapurtarrak Bordelekoari, eta jaitsierako postuetatik ihes egiten jarraitzen du.

Atzo irabazteak sekulako garrantzia zeukan, eta zaleek bazuten itxaropenik. Hala, lapurtarrek ez zuten hutsik egin eta lau puntuak lortu zituzten. Erasoko bonusa lortzea ere garrantzitsua zen, baina horretarako asko falta izan zitzaien. Halere, garaipena behintzat etxean geratu zen.

Aviron nagusi izan zen atzo Jean Dauguer zelaian. Eguraldiak ez zuen asko lagundu, haizea eta euria izan baitziren. Horrek baloia eskura jokatzea galarazi baldin bazuen ere, etxekoek eroso jokatu zuten. Stade Bordelais atzean sartuta jarri zen, jokoaren ardura zuri-urdinei utzita. Seigarren minutuan Boyetek lortu zuen zigor-kolpea eta 3-0koa jarri zuen markagailuan. Pozak ez zuen asko iraun, kanpotarrek berehala berdindu baitzuten beste zigor bati esker.

Horrek ez zituen gauzak gehiegi aldatu. Baloiaren jabetzak etxekoen eskuetan jarraitu zuen, baina oreka izan zen markagailuan, eta horrela joan ziren atseden hartzera.

Bigarren zatian etxekoak erasora atera ziren, eta gauzak bere lekuan jarri zituzten. Frantziarrak atzera beste urrats bat egin beharrean geratu ziren. Ordura arte aurrelariek presio handia egin zuten, baina nekea agertu zitzaien, eta horrek atea zabaldu zien euskal jokalariei, eta amaieran garaipen erosoa eskuratu zuten. Badirudi Ligari tamaina hartu dietela Baionakoek eta apurka-apurka gauzak bere lekura itzultzen ari direla. Biarritzen lortutako garaipen hark indar handia eman die, eta joan den asteko porrota istripu bat besterik ez zela izan ikusi da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo