KRONIKA | DOMU SANTU EGUNA
Angiozarren, hilzoritik lurperatu arteko erritu aberatsak ezagutzen
Euskal Herriko kanposantuak apain-apain jantzi ziren atzo, ohitura den bezala loreak eraman baitzizkien jendeak bere hildakoei. Tradizio berria da hori, ordea. Lehen gauzak hagitz bestelakoak ziren. Bergarako Angiozar auzoan, bisita gidatu bat egin zuten Domu Santu Eguna aprobetxatuz, eta bertan ezagutu genituen norbait hilzorian zenetik lurperatu arte Euskal Herrian gure arbasoek egiten zituzten erritu sozial eta erlijioso aberatsak.
Maider IANTZI
Galduak dira erritu zahar horietako gehienak, nahiz eta herri txiki batzuek gordetzen dituzten batzuk, argizaiolak piztekoa adibidez. Hala egiten dute Angiozarreko San Migel elizan eta horregatik aukeratu dute Bergarako auzo hau heriotzarekin lotutako Euskal Herriko ohiturak oroitzeko. Atzo egin zuten lehenbiziko bisita gidatua Jon Arroitarekin, euskaraz, Udalak eta herritarrek antolatuta, eta bihar eginen dute bigarrena, gaztelaniaz, 11.00etan Angiozarreko plazan hasita.
Adin guztietako jende mordoa elkartu zen Santu Guztien Egunean garai batean Elgetarena izandako parajean, Kanpazarren eta Udalaitzen magalean, historian barna bidaia bat egiteko gogoz. Haurrak saltoka zebiltzan eta adineko jendea makulu eta bastoi eta guzti ausartu zen maldan goiti. Gurutze-bidea igoz hasi zuten bidea. Erdi galduta zegoen hau eta herritarrek auzolanean garbitua zuten. Arroitak argitu zuenez, garai batean gurutzeak jarri bazituzten ere, aitzinetik gorputz bidea edo andabidea zen, lotura bidea.
Elizamendin bukatzen da bidea eta bertan azaldu zuen gidariak denboran hagitz urrun joan behar dugula gure hilen historiaren hasieran kokatzeko. Gogorarazi zuenez, Brontze garaian hasi ziren tumuluak erabiltzen, alegia, hilobi bat edo gehiago estaltzen zituen lur edo harri metaketa handiak.
Lehendabiziko herriak aipatu zituen, herriak komatxo anitzekin, lau etxolak osatzen baitzituzten, beti eguzki begitan -kontuan izan behar da jende gutxi bizi zela orduan-. Eta, irudikatu dezakegunaren kontra, ez zen oraindik baserririk. Etxola borobil edo laukiak ziren, egurrezko hormekin eta lastozko teilatuarekin.
Hemengo sinesmenak kristautasunarekin nahasi ziren. Ama Lurrarenganako eta eguzkiarekiko sinesmena zuen jendeak, eta norbait hiltzen zenean ez zen bizia amaitzen, bertze bizitza bateko atea ireki baizik, laino arteko mundu batekoa. Oskarbitzeko eguzkia behar izaten da eta eguzkia kontrolatu ezin denez, arimei laguntzeko suak pizten zituzten. Batzar lekuak ziren baselizen ondoan, ekialdera begira lurperatzen zituzten hildakoak eta buruaren inguruan egiten zieten sua, baina hori dirua eta noblezia zutenekin soilik gertatzen zen. Gehienak erre egiten zituzten eta etxeko supean sartu errautsak. Antzinako sinesmenen arabera, pertsona bat etxe batean sortu eta hiltzen zen, ez zen inoiz handik ateratzen.
Mari eta Amalur
Andre Maria baselizan sartu ginen. Inguruko zaharrenetakoa dela azaldu zuen Jon Arroitak, orain dagoena ez, hau berritua delako, baina VIII. mendetik egon da bertan elizatxo bat. Bitxikeria gisa, bertako Andre Maria ez dela Euskal Herrian ezagutzen dena kontatu zuen: ilehoria da eta bularra ematen dio ume biluziari. Kanpotik ekarritako irudia da, Flandesetik, eta haurdun dauden emakumeen eta haurren babeslea da. Eliza zaharrak Andre Mariak dira, kristautasuna etorri baino lehen Mari gurtzen zelako hemen. «Eta nor da Mari?», galdetu zien Arroitak adi-adi zituen auzotar eta bisitariei. «Anbotoko sorgina! Gaiztoa! Harekin ere beldurtuta ibiltzen ginen...», erantzun zion emakume batek. Gidariak sorginaren inguruan dauden uste okerrak ekarri zituen gogora eta izena «sortu» eta «egin» hitzen elkarketatik datorrela ohartarazi zuen.
XII-XIII. mendeetan Aita Santuak eliza barrenean edonor lurperatzeko baimena eman zuen eta pixkanaka hildakoak han ehorzten hasi ziren. Familia bakoitzak bere jarlekua zuen. Jarlekua etxeko zati bat zen guztien etxe handian. Baina nola eraman gorpua elizara etxetik atera gabe?
Horretarako asmatu zituzten andabideak. Gorpua inoiz ezin zen andabidetik atera eta ateratzen bazen, adibidez erreka bat zeharkatzeko zubia hondatuta zegoelako, igarotzen zen leku berri hori ere andabide izanen zen hortik aitzinera, eta lur horren ugazabak jabetza galduko zuen. «Itzelezko babesa zuen bideak eta erreka bat bezalakoa zen. Etxe bakoitzetik bide bat jaiotzen zen eta elkartu egiten ziren puntu batean, elizara iritsi arteko azken zatia elkarrekin egiteko».
Hilkutxa hagitz gauza modernoa da, XX. mendekoa, eta ordura arte andetan eramaten zuten gorpua, izara zuri batean bildua, protokoloa zehatz-mehatz jarraituz. Aurrean, goitik behera beltzez jantzita, ogiduna joaten zen, normalean neskatila gazte bat, otzara buruan eta hor etxean egindako opila. Ondotik, sakristaua eta abadea izaten zituen. Hildakoaren gibelean, segizioa joaten zen. Lehenengo, etxeko jauna, eta atzean semeak, etxekonekoa (hau familiak historikoki harreman estua duen etxekoa da, ondoko etxekoa) eta familiako gizon guztiak. Zenbat eta erlazio handiagoa izan hildakoarekin, orduan eta hurbilago berarengandik. Eta gero andreak joaten ziren, etxandrea, alabak, etxekonekoaren emaztea eta familiako emakumeak.
Baserriaren sorrera ere gogoratu zuten bisitan eta 1490. urte inguruan jaio zela erran zuen Arroitak, «praka luzez, eginda, ezagutzen dugun moduan». Segizioa baserrietatik igarotzean, bertakoak atean egoten ziren zain eta atzean elkartzen ziren.
Gorpua, elizpean
San Migel parrokian bukatu zen bisita eta han kontatu zuen Jon Arroitak norbait hilzorian zenean etxekonekoari abisatzen ziotela lehenbizi eta hau joaten zela elizara berri ematera. Inguruko baserrietatik aditzen ziren agonia hotsak eta soinuagatik jakiten zuten auzotarrek hilzorian zena emakumea, gizona ala umea zen, arrunta ala gizarte klase altuagokoa.
Eliz mutila eta abadea joaten ziren etxera bedeinkapena ematera eta eliz mutilak kanpaia eta argia eramaten zituen, eguna izan arren. Auzokoak jada elkartuak izaten ziren etxean eta ez zen falta izaten jan-edan goxorik. Ohe ondoan, aldare txiki bat izaten zen, eskapulario, estanpa eta otoitz egiteko liburuxkarekin eta leihoa erdi zabalik uzten zuten, arima ateratzeko. Toki anitzetan koltxoia erre egiten zen gero; bertzetan, astindu.
Arrosarioak, letaniak, gaubeila eta hurrengo egunean segizioa izaten zen. Gidariak kontatu zuenez, gorpua ez zen elizara sartzen, atarian gelditzen zen kandela beltz erraldoi batzuek argituta. Barrenean, etxekoandrea esertzen zen jarlekuan, bera zelako familiaren lotura, eta manta gainean ogia jartzen zuten arbasoei eskaintzeko. Argizaiolak ere pizten zituzten eta hala eman zioten amaiera atzo Bergarako Udalak eta herritarrek elkarrekin aitzinera eramandako ekimenari, argizari usainarekin.
Iruñeko San Jose hilerrira hurbildutako jendetza zela-eta, autoentzako sarbideak itxi behar izan zituzten. Asteartetik, goizeko zortzietatik arratsaldeko zortzietara, oinez soilik sartu zen jendea, salbuespenak kenduta.
Milaka lagunen bisita jaso zuen Derioko hilerriak, Bizkaiko handienak. Bertan daude Bilboko hildakoak. Hiriburuko Udalak garraio publikoa erabiltzea gomendatu eta aparkaleku gehiago jarri zituen ibilgailuentzat.
XV. mendera arte ez zen orain bezala hilobirik ikusten elizaren inguruan. Ordura arte apaizak eta nobleak eliza barrenean lurperatzen zituzten. Denborarekin garbitasun eta usain arazoak sortu ziren, ordea, eta ohitura aldatu zuten.