Euskara Googlen ikusgarri egin nahi du Eusko Ikaskuntzak
Eusko Ikaskuntzak kanpaina bat jarri du abian Googlen euskara ikusgarri izan dadin. Horretarako, Googlek euskarari ikur propioa eskain diezaion lortu nahi du. Gainera, zazpigarren urtez jarraian, ENE Saria kanpoko erakunde batek jasoko du euskararen alde egindako lanagatik.
Koldo LANDALUZE | DONOSTIA
Aurten, Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunetarako, Eusko Ikaskuntzak sarean euskarari ikusgarritasun propioa ematea hartu du helburutzat. Horretarako, Eusko Ikaskuntzaren zenbait kolaboratzailek bi doodle eredu edo ikur diseinatu dituzte. Bilatzen dena Googlek mundu osoko internautak gehien erabiltzen duten bilatzailean euskararen ikurra jasotzea da.
Ekimenak ahalik eta babes gehien jaso dezan, urriaren 30etik abenduaren 1era arte jasoko dira atxikimenduak www.eusko-ikaskuntza.org/ene web orrialdearen zein sare sozialen bidez. Abenduaren 2an jasotako atxikimendu guztiak Googlera bidaliko dira, bertako arduradunek aintzat hartzen badute, ikurra bere bilatzailearen orrialdean gehi dezaten, Euskararen Nazioarteko Egunarekin (abenduaren 3a) bat eginez.
Parte hartzen dutenen artean 2013ko egutegiak eta agendak zozketatuko dira, HABEren eskutik. HABErekin batera, ekimenean IBerba euskara zerbitzuak parte hartzen du.
Euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna aldarrikatzeko helburuz, Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) Eusko Ikaskuntzak sortu zuen 1949. urtean. Urtero, abenduaren 3an ospatzen da, mundu osoan zehar euskararen eta bizitzaren esparru guztietan euskarak duen proiekzioa batu dezan.
Bestalde, zazpigarren urtez jarraian ENE Sariaren ekitaldi berri bat ospatuko da, alegia, euskara sustatzeko lanetan eta euskal kulturaren proiekzioan gehien nabarmendu den kanpoko erakundeari egingo zaio errekonozimendua. Saria, hain zuzen, aitorpen publikoa eta Nestor Basterretxea eskultore handiak ENErako diseinaturiko anagramaren burdin eta altzairuzko erreprodukzioa dira. Datorren azaroaren 26an amaituko da hautagaiak aurkezteko epea, eta horren ondotik, Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an, emango dute ezagutzera epaimahaiaren erabakia.