GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Eddie Aikau txapelketako gonbidatuak argitara

Eddie Aikauren txapelketan parte hartzeko gonbidatuen izenak argitaratu dira.

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Hawaiiar kultura bultzatzeko ekimen batean parte hartzen ari zela bizia galdu zuen Eddie Aikauren omenezko txapelketan parte hartzeko gonbidapena jasotzea olatu handietako surflarien ametsa da.

Guztira 28 surflari gonbidatzen dituzte antolatzaileek Waimean egiten den txapelketan parte hartzera, eta surflarien ibilbidea kontuan hartuta egiten dituzte gonbidapenak.

Kasu gehienetan, olatu handietako edo esperientzia handiko surflariak izaten dira gonbidatuak, eta baita sorosleak ere, izan ere, Eddie Aikau, Waimeako badiako lehen soroslea izan zen.

Hala ere, nahiz eta urtero egin txapelketarako deialdia eta irekiera zeremonia, ez dira beti berau burutzeko bete beharreko baldintzak izaten.

Abendua eta martxoa bitartean izandako edozein itsaski balia daiteke, baina gutxienez 20 oineko altuera duten olatuak behar dira, eta azken urteetan txapelketa epeak iraun duen artean halako itsaski handirik izan ez denez, ez da txapelketarik egin.

Azkenekoa, 2009ko abenduan izan zen eta Greg Long kaliforniarrak irabazi zuen.

Aurtengo gonbidatuen artean John John Florence gaztea aurkitzen da. «Ez dakit zer dudan gehiago, poza edo beldurra», esan zuen Florencek albistea jasotzean. Izan ere, Waimea, surf egiteko munduko leku arriskutsuenetako bat da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo