GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Hauteskundeen ordua, Katalunia puntu-puntuan

Kataluniako hauteskundeen kanpaina ofizialki hasi da, hori esatea eufemismo handia den arren. Zientzia politikoaren eskuliburu orotan esaten den legez, kanpainak, egiazki, iraunkorrak direlako. Edonondik begiratuta ere, hauteskunde ezohikoak dira honakoak. Kanpaina, eta latza gainera, aspaldi hasi baitzen kataluniarren nazio aldarrikapenen aurka. Erregeak hitz egin zuen, armada paseatzera atera zen, enpresaburuak mututu ziren, intelektual deiturikoak azaldu dira eta Europar Batzordea muleta gisara hartuta ezker eta eskuineko espainiar zentralisten mehatxua nonahi ibili da. Orain bozkatzeko ordua iritsi da eta ikusi beharko da gizarte mobilizatuak eman duen lezioak, estatu propioaren bidean marka koska batzuk gorago ipintzeraino egin duen bultzadak jarraipenik duen emaitzen argitara.

Kataluniako presidentea eta Espainiako presidentea, Mas eta Rajoy, izango dira aurrez aurre. Independentismoaren dispertsioak -Solidaritat, CUP eta Esquerra, hiru hautagaitza elkarrekin lehian- ez dirudi apustu zuhurrena. PSCren porrota historian latzena izan daiteke. Eta hartara, Espainia versus Katalunia kontraesana, Masen eta Rajoyren -Sanchez Camachok ez diolako itzalik egiten- arteko antagonismoan haragituko da. Edonola ere, munduaren begietara, Katalunia bere historiaren bidegurutzera heldu da. Bere ordua da, estatu propioa puntu-puntuan dauka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo