Floren Aoiz | www.elomendia.com
Zaragoza ala putzua?
Nola gainditu blokeoa? Asko ikasi dugu azken urteotan. Indar bilketak aukera berriak eraikitzen ditu, baina horrekin batera, presio formula berriak asmatu beharko ditugu, estatuen jarreraren kostua zabaldu eta sakontzeko
Carmen de Patagones herrian kontatu didate txistea, non eta Patagoniaren atean. Museo batean, nondik iritsi naizen galdetu eta bi aipamen etorri dira, bizkor. Lehena: desertuan kotxea apurtuz gero, otoitz egin euskaldun batekin topo egiteko, berak lagunduko dizu eta.
Bigarrena, txistea. Euskaldun batek topo egin du Jainkoarekin. Honek galdetu dio nora doan eta euskaldunak Zaragozara doala erantzun dio. «Jainkoak nahi badu izanen da», esan dio besteak. «Zaragozara noa», erantzuna. Berriz galdetu eta erantzuna, berdina. Jainkoa haserretu da eta, azkenean, apo bilakatu eta putzu batean utzi du baztertuta euskalduna. Denbora luzea pasatuta, Jainkoak oroitu du euskalduna hor duela, abandonatuta. Bila joan da eta nora doan galdetu dio, berriz ere. Euskaldunaren erantzuna: «Zaragozara ala putzura!».
Ergelkeria bat da, nahi baduzue, baina zer pentsatua eman dit, batez ere etxetik hain urrun adituta. Burugogorrak gara euskaldunak Argentinako jende askoren begietan. Ideiei gogotik eusten diegu, ikuspegi honen arabera. Fidagarriak omen, beraz.
Irudi horretatik abiatu, berriz, urrats bat egin eta erraza da sobera burugogorrak garela pentsatzea. Hala da? Hala ikusten gaituzte? Irudi kolektibo sinpleak arriskutsuak dira, denok dakigunez. Baina oso eraginkorrak dira, gustatu ala ez. Denok dakigu ez direla oso zuzenak, baina sarritan erabat irentsita ditugu. Horien arabera pentsatzen dugu, konturatzen ez bagara ere.
Zer pentsatua eman dit txisteak. Baina gehiegikerietatik haratago, pozgarria da irudi honekin bat egitea, hein batean bederen. Izan ere, askatasuna edozein arriskuren aitzin lehenesten duen herria ote garen ez dakit, baina argi daukat halaxe izatea nahiko nukeela. Putzuaren beldur ez den jendartea, arriskua onartzen duena aginduen menpe ez bizitzeko.
Agintzen badakitela oroitarazi nahi digute, oraingoan, Paris eta Madrilgo gobernuek. Elkarrekin egin nahi dutela dirudi, gainera. Aurrera joanen gara haiek nahi baldin badute bakarrik; hori da mezua. Ez dagoela gure kasa joaterik. Horixe da, horrenbestez, aurrean dugun erronka. Beste batzuen mugetara egokitu ala geure bidetik jarraitzea. Mehatxua argitasunez bidali digute. Apo bilakatu eta putzuan gordetzeko borondatea nabarmena da.
Gauzak horrela, ene ustetan, txarrena putzuaren beldur izateak gure urratsak ezartzea litzateke. Ez gaituzte apo bilakatuko, ez putzura eramanen, hori lortzeko ahalmena baita estatuek galdu duten aukeretako bat. Ederra da geureari eusteko grina noraino iris daitekeen irudikatzea. Baina txisteak baino gehiago beharko dugu erronka hauei aurre egin ahal izateko. Euskal Herrian piztu den itxaropena itzaltzeko saioak ugaltzen ari dira. Probokazio hutsak dira, sarritan, bidea gal dezagun bilatzen dutenak. Baina, beharbada, bideari eustea ez da aski izanen. Bidea egin beharra dago eta harri erraldoiak aurkitzen ari gara gure aitzin, erraz altxatuko ez ditugunak.
Nola egin? Nola gainditu blokeoa? Asko ikasi dugu azken urteotan. Indar bilketak aukera berriak eraikitzen ditu, baina horrekin batera, presio formula berriak asmatu beharko ditugu, estatuen jarreraren kostua zabaldu eta sakontzeko. Bai, zer pentsatua eman dit apoaren txisteak.