GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Durango, diru gutxiago baina ekitaldi gehiago

Hiru aste barru, abenduaren 6an, hain zuzen, zabalduko ditu ateak Durangoko Azokak. Atzo, Nestor Basterretxeak egindako kartela alboan, 47. edizioa aurkeztu zuten. Euskal literatura eta musikaren erakusleiho eta herri honetako kultur bilgune nagusiak aurten egun bat gutxiago iraungo du, 9ra arte, beraz, eta aurrekontua ere txikiagoa du, %10 murriztuta; hala ere, inoizko egitaraurik handiena izango du aurtengo Azokak. Zenbakiei begiratuta behinik behin, ez da txantxetakoa: 300etik gora ekitaldi eskainiko ditu. Azpimarratzeko modukoak dira Ahotseneak eskainiko dituenak, 88 liburu eta diskoren aurkezpen, duela bost urte sortu zen proiektu hura gaur egun ekimen sendo eta arrakastatsua bihurtuta. Bestetik, aurtengo kultura gonbidatua ijitoena izango da. Jakingarria izango da, zalantzarik gabe, hain hurbila izan arren hain ezezaguna den kultura horren berri izatea. Eta jakingarria, halaber, lehenengo egunean Gauean Argi ekitaldia, bertan Argizaiola Saria emango diote-eta Benito Lertxundiri, Azokaren antolatzaileek esan zutenez, musikariak ekimen horrekin izan duen harreman estua eskertzeko. Nekez entzungo da erabaki horren aurkako ahotsik. Izan ere, Azokarekiko lotura hori ez ezik, oro har euskal kulturarekin duen lotura ere bada eskertzekoa, haren erreferente nabarmena izaterainokoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo