IK4-Tekniker-ek egoitza berria ireki du, industriari bultzada eman nahian
Eibarko Teknologia Poloan jarri dute IK4-Teknikerren egoitza berria eta, ikerketa eta berrikuntzan sakonduz, euskal industria indartzea izango du xede. 22 milioi euroko inbertsioa izan du eta neurriz aurrekoaren hirukoitza da. Teknologia eta adimena, 28.000 metro koadroan.
Iraia OIARZABAL | EIBAR
Eibarko Otaola etorbideko egoitza utzi eta Teknologia Polora lekualdatu da IK4-Tekniker teknologia eta ikerketa zentroa. Aldaketak lehen begiratuan igartzen dira. Egoitzak 28.000 metro koadroko azalera du, aurreko instalazioek halako hiru. Barnealdeari, azken zertzeladak ematen ari diren arren, berritzailetasuna, teknologia eta dotorezia dario. Zentroko 260 langileak bertan dira jada lanean, nahiz eta 2013 hasieran irekiko den ofizialki egoitza. Ordurako, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkera batuta egongo da, gainera.
Guztira, sei solairu ditu gune berriak, horietako bi lurpean. Itziar Cenoz marketin zuzendariak atzo egindako bisita gidatuan azaldu zuenez, egoitzaren «bihotza eta burmuina» azken solairuan daude. Bertan, bulego luze eta zabal batean batuta, IK4-Teknikerreko langile guztiak aritzen dira. Ikerlariak, langile korporatiboak, administrariak eta zuzendariak, guztiek espazio berean egiten dute lan. Cenozen esanetan, langile guztiak maila berean egoteak egunerokotasuna erraztu eta emaitzak hobetzen ditu, eta horregatik egin zuten horren aldeko apustua.
Lehenengo solairuan, batik bat produkziora bideratutako tailerrak kokatzen dira. Guztira lau arlotan banatzen dira tailerrak: mekanizatua eta fabrikazioa, muntaketa, gainazalen ingeniaritza eta robotika.
Gainazalen ingeniaritzaren bitartez, elementuak eraldatzen dituzte funtzionaltasun berriak emateko. Robotika arloan, aldiz, sistema adimendunekin lan egiten dute, prozesuen kontrola eta mantentze lanak ahalbidetzeko.
Mekanizatu eta muntaketa tailerretan produkzio lanak nagusitzen dira, eta horretarako, ultrasoinu eta laser teknologiak erabiltzen dituzte. Pieza handiak ekoizten dituzte gehienbat, makina-erremintaren sektorea baita IK4-Teknikerren bezero nagusia.
Arrisku probetarako bunkerra
Egoitza berriaren alderik berritzaileena lur azpian, bigarren solairuan, daukan bunkerra da. Proba banku gisa diseinatu da, bereziki, energia zinetikoko sistema eraginkorrak garatzeko.
Kimika laborategiak ere lur azpian daude, baldintza klimatiko berezietara egokituta. Bertan materialen prebentzio analisiak egiten dira, gerora akatsak ekiditeko. Finean, «makinen medikuak» dira bertako ikerlariak.
Bi urte pasa dira IK4-Teknikerren egoitza berriarekin lanean hasi zirenetik eta Alex Bengoa bere zuzendaria pozik agertu zen atzo emaitzarekin. Laborategi eta azpiegiturak hobeak direla nabarmendu zuen, eta ondorioz, produktuek kalitate handiagoa izango dutela uste du. Apustu ausarta da krisi garaian egoitza berri bat irekitzea. Bengoak azaldu zuenez, euren kasuan erraztasunak izan dituzte, ekipamendua egoitza zaharretik ekarri baitute eta, beraz, inbertsioa txikiagoa izan da alde horretatik. Orokorrean, egoitzaren handitasuna dela-eta, gastua zeozer igoko dela aitortu zuen, baina eraikin zaharraren salmentarekin bete nahi dute hori. Langile kopuruari dagokionez, 2014ra arte behintzat ez dute handitzeko asmorik.
Ingurua motel dabilen arren, etorkizunari baikortasunez begiratzen diotela baieztatu zuen Bengoak. Oraingoz, egoerari eusten ari direla azaldu zuen, eta zenbait bezerorekin jarduera handitu ahal izango dutela uste du. «Gure bezeroak orokorrean ondo doaz, I+G-ren alde egin duten enpresak dira eta askok %90 inguru esportatzen dute», adierazi zuen. Laguntza publikoen inguruan, ordea, zuhurtzia mantentzera deitu zuen, «murrizketen mehatxua oso handia baita». I.O.
IK4-Teknikerren eraikitako bunkerra Euskal Herrian dagoen horrelako ekipamendu bakarra da, egokitze lanen kostuengatik batik bat. Horregatik, enpresei zabalduta dago, probak egiteko erabil dezaten.