aizkora Nafarroako Bigarren Mailakoa
Herrialdeko onenekin lehiatzeko bi txartel banatuko dira Donezteben
Jon LEUNDA
Nafarroako Bigarren Mailako aizkolarien finala jokatuko da gaur Doneztebeko pilotalekuan 17.30ean hasita. Gorritin egin zen kanporaketa abuztuaren amaieran, eta hango bost onenak lehiatuko dira gaur. Aurreneko biek lortuko dute Lehen Mailara igotzeko txartela.
Ruben Saralegi, Resano, Pellejero, Xabier Mindegia eta Kastro izango dira lehian arituko direnak. Bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu beharko du.
Ruben Saralegi agertzen da faborito. Joan den astean erabateko erraztasunarekin lortu zuen Euskal Herriko Hirugarren Mailako txapela, eta Xabier Mindegia ez beste guztiak ere final hartan ziren.
Mindegia, berriz, Euskal Herriko Bigarren Mailan dago, eta bera izan daiteke leitzar gaztearen aurkari nagusia. Lan handia ez denez, ikuskizuna ere oso ederra izango da.
Halaber, Nafarroako Bigarren Mailako trontzalarien finala ere jokatuko da leku berean. Irigoien-Etxenike, Oteiza-Berruezo, Kañamares IV.a-Kañamares V.a, eta Urrutia-Arretxea neurtuko dira. Bakoitzak, etzandako 45 ontzako enbor bati hamar epai eman beharko dizkio, eta zutik jarritakoari, berriz, lau. Sarrera 10 eurokoa izango da.
Atzo aurkeztu zen etzi Arbizuko pilotalekuan jokatuko den Euskal Herriko Lehen Mailako aizkolarien finala. Neurketa honen atarian Nazabal agertzen da faborito, baina berak garbi utzi zuen ez dela batere erraza izango. Final hau zuzenean ikusi nahi duenak 15 euroren truke erosi ahal izango du sarrera.