GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bilboko berbalagunek bertso, musika eta dantzaz ekin zioten ikasturte berriari

GARA | BILBO

Jada hasiak dira Bilboko berbalagunak mingainak astintzen. Berba taldeak martxan dira eta atzo Kalderapeko kultur gunean egindako jaiarekin ikasturte berriari ekin zioten. Euskaraz bizi, ondo pasatu eta lagunak egin nahi dituenak oraindik badu aukera. AEK-ko euskaltegietan, praktikatu.org gunean edota 607 53 01 32 telefono zenbakian egin dezake.

Bertsolariak, musika, mokadutxoa eta giro ederra izan zituzten Kalderapekoko ekitaldian. Parte-hartzaileek elkar ezagutzeko eta ikasturte berrirako proposamenak trukatzeko baliagarria izan zen, gainera.

Bilboko Berbalagun egitasmoko kideek azaldu zutenez, aurreko ikasturtetik elkartzen ziren taldeei parte-hartzaile gehiago batu zaizkie eta talde berriak ere sortu dira. Euskal Herrian zehar 5.000 lagun baino gehiago ari dira ekimen honetan, horietatik 120 Bilbon.

Berba taldeak

Berbalagunak bospasei pertsonako taldeetan batzen dira, berba taldeetan. Eta hiriko kale, taberna, plaza eta hamaika lekutara ateratzen dute euskara. Kirola egiten dute, poteatu, erlazionatu... guztia euskaraz mingaina dantzatuz. Taldeak berak aukeratzen du ordua eta eguna eta gutxienez astean ordubetez egoten dira batera.

Egitasmoko dinamizatzaileak berba taldeen jarraipena egin eta laguntza eskaintzen die. Eta hirian antolatzen diren euskarazko ekitaldien gaineko informazioa ere ematen die.

Euskal Herri osoan handitzen ari den «familia» honekin bat egiteak baditu beste abantaila batzuk ere. Besteak beste, deskontuak eta Euskal Herriko Unibertsitateko kredituak eskuratzen ahal dira berbalagun izateagatik soilik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo