GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lezok lehen Marinel Azoka ospatuko du asteburuan, hitzordu «berria eta berezia»

GARA | LEZO

«Lezoko udalerriaren historia itsas jarduerarekin estuki lotuta egon da betidanik. Gaur egun baten bati halakorik imajinatzea kostako bazaio ere, Lezoko udalerriaren mendebaldean baziren orain gutxira arte itsas bizimoduarekin lotutako hainbat elementu: ontziratzeko lekuak, ontziolak, arrantza ontziak...». Hitzok Xanti Val Lezoko Udaleko Kultura teknikariak egin zituen atzo, aurrenekoz herrian ospatuko duten Marinel Azoka aurkezteko.

Hain zuzen, gaur hasi eta igandean amaituko den hitzorduak jatorrian udalerriak duen izaerari errekonozimendua egin nahi dio. Eta horretarako dantza, artisau produktuak, gastronomia aukera zabala, musikariekin kalejirak, kale animazioa, haur jolasak eta formatu handiko jolas tradizional-didaktikoak antolatu dituzte.

Ainhoa Zabalo alkateak festa «berria eta berezia» izango dela iragarri zuen, eta noski, bertaratzeko gonbidapena luzatu zuen. Hiru egunetan, Karlos Saldise plazan egongo diren 50 artisau postuez gain, gaur, 17.30ean egingo den inaugurazioaren ondoren, bihar eta etzi 11.00etatik 14.30era eta 17.30etik 21.30era izango dira postuak irekita.

Halaber, eta artisau eta jai ekintzez gain, itsas ondarearen inguruan lan egiten duten bi elkarte ere egongo dira, Itsas Gela eta Donibaneko Albaola Itsas Kultur Erakundea, hain zuzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo