GARA > Idatzia > Mundua

Desagertutako seme-alaben bila jarraituko dutela esan dute Mexikoko hainbat amak

Astebetez gose greban egon ostean, Mexikoko ama talde batek protesta utzi zuen asteartean, agintariek beraien eskaerak entzungo dituztela esan ondoren. Desagertutako seme-alabak non dauden jakin nahi dute.
p025_f02_148x104.jpg

GARA | MEXIKO HIRIA

Margarita Lopez, Julia Alonso eta Malu Garciak gose greba egin zuten zazpi egunez Mexikoko Barne Ministerioaren atarian, beraien senideak non dauden jakiteko eta erakundeen nahiz Poliziaren laguntzarik eza salatzeko. Egoera berean dauden beste hainbat lagunen sostengua jaso zuten egun horietan.

«Nire kabuz egindako ikerketa guztiak Poliziari eman nizkion. Nituen ondasun guztiak saldu behar izan nituen ikertzaileak eta berez Gobernuak egin beharko lituzkeen tramiteak ordaintzeko. Lotsagarria da ikerketa guztiak helarazi eta nondik jo beharko luketen esan arren deus ere egin ez izana», adierazi zuen Lopezek. Bere 19 urteko alaba, seme-alaba bakarra, komando batek bahitu zuen Oaxan 2011eko apirilaren 13an. Michoacanen jaio baina Oaxacan bizi zen bere senarrarekin, militarra ogibidez. «Hamar egunez torturatu eta bortxatu zutela jakitea lortu dut», esan zuen.

Polizia, Armada eta Fiskaltzako kideak diruz erosi eta hamaika buelta eman ostean -emagalduz janztera iritsi zen alabaren bila-, Armadak hots egin zuen bere alabaren gorpua aurkitu zutela baina bururik gabe zegoela esateko. Berak gorpuari beste bi DNA proba egiteko eskaerari uko egin zioten.

Julia Alonsok bere seme Julio Alberto Jose Lopez 2008ko urtarrilean ikusi zuen azken aldiz. Acapulcotik Monterreyra joan zen lagun batzuekin.

«Denetik egin dut. Felipe Calderon presidentearekin hitz egitera joan nintzen; Javier Sizilia poetak antolatutako martxan parte hartu nuen; hainbat pertsonarekin elkarrizketatu nintzen. Nire bizitza arriskuan ipini nuen eta San Diegon babeslekua bilatu behar izan nuen», gogora ekarri zuen Alonsok. Bost urteren bueltan, ez dute inor atxilotu, ezta inori galdeketarik egin ere. Kasua artxibatu zuten.

Malu Garciak, Chihuahuako giza eskubideen aldeko aktibistak, grebarekin bat egin zuen elkartasun keinu gisa.

Protestak oihartzun handia izan zuen bai Mexikon, baita atzerrian ere. Asteartean, Mexikoko Gobernazio idazkariak, Alejandro Poirek, beraien eskaerak kontuan hartuko dituztela esan zieten. Margarita Lopezi, esaterako, bere alabaren gorpuari DNA proba osagarriak egingo dizkiotela agindu zion.

«Justizia nahi dugu», nabarmendu zuen Lopezek, gose-greban galdutako osagaiak berreskuratzeko eztiz gozatutako ura edaten ari zela. «Langile publikoek egiten dutena baino gehiago agintzen dute. Baina, zer egin bestela! Hori bai, hamar egunen buruan esandakoa betetzen ez badute, behingoz gure senideen bila hasten ez badira, beste gose greba bat egingo dugu eta gehiago izango gara». Horretaz ziur egon daitezela ohartarazi zuen Lopezek. «Espero dut sekula ez egotea gure egoeran. Gaizkileen menpe gaude Calderonek hasi zuen gerra honengatik».

Mexikoko fiskalen datuen arabera, 2008ko urtarriletik 2011ko abendura arte, 14.300 lagun desagertu ziren. Eta salaketen %83k bere horretan jarraitzen dute.

beste greba bat

Hamar egunen buruan, agintariek desagertutakoen auziak berriz aztertzen ez badituzte, beste gose greba bat egingo dutela ohartarazi dute seme-alabak desagertuta dituzten 30 amak eta aita batek.

laguntzarik eza

Seme-alabak aurkitzeko denetarik egin dute. Askok ondasunak saldu behar izan dituzte ikertzen jarraitzeko eta horregatik mehatxuak jaso dituzte. Poliziaren eta erakundeen laguntza eza salatzen du ama talde honek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo