GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | espetxeratutako idazleen nazioarteko eguna

Barroteek isilarazi ezin dituzten hitzak ahots ozenez

Adierazpen askatasunari ezarritako oztopoak gogora ekartzeko, Espetxeratutako Idazleen Nazioarteko Eguna ospatu zen atzo mundu zabalean. Donostian, «Egin» egunkariko auzipetuek aipamen berezia jaso zuten.

p008_f01_199X104.jpg

Ane ARRUTI

Mihise gabeko ohe bat, hiruzpalau liburu eta koadrodun poltsa gordetzen dituzten apalak, aluminiozko konketa eta kubo bat, zati bat falta zaion ispilu txikia eta ikurrina bat zintzilik, kasu honetan, bi hormaren artean. Gisa honetan irudikatu zuten atzo ziega bat Euskal Pen Klubeko eta Ataramiñeko kideek Donostiako Bulebarrean. Bertatik, espetxe barrutik iritsi izan zaizkigun testuak irakurri zituzten hogei bat kazetari eta idazlek, euren eskubideak urratuta izan dituzten beste horrenbeste egilerenak. Irakurtzen izan ziren, besteak beste, Fermin Munarriz, Laura Mintegi, Gorka Landaburu, Karlos Zurutuza, Mitxel Sarasketa, Iñaki Egaña, Fito Rodriguez, Martxelo Otamendi eta Juan Karlos Izagirre.

Hiru hamarkadatik gora dira Pen Internationalek azaroaren 15ean adierazpen askatasunaren aldeko egun honen inguruan ekitaldiak antolatzen dituela, baina, lehen aldiz, atzo egin ziren Euskal Herrian, eta irakurraldian parte hartu zuten gehienek gogoan izan zituzten espetxean jarraitzen duten «Egin» egunkariko langileak.

Martin Ansok, esaterako, Teresa Todaren testu bat irakurri zuen. «Gaur egun gure hitza gure pausoekin porlanezko patioan idaztera behartuta gaude; hala ere, hormatzarron itzalpean gure egiak bizirik dirau», eta espetxean jarraitzen duten gainerako lankideak ere gogoratu zituen. Horien artean, Jabier Salutregi, «Egin»-eko zuzendari ohia. Bere hitzak ekarri zituen Fermin Munarrizek, garai hartan erredaktoreburu zenak. Salutregik bere garaian egia jakiteko eta ulertzeko ezer egin ez zuten kazetariak salatzen zituen testuan; «inork ez zidan sekula galdetu errugabeak ginen ala ez». «Egin»-ekoez gain, «gure herriaren gatazkaren ondorioak jasan dituzten beste kazetari idazleen eta kazetarien adierazpen askatasuna ere defenditzen dugu», gogoratu zuen Munarrizek. Martxelo Otamendi «Berria»-ko zuzendariak ere, «Egin»-ekoak kalera ateratzeko eskaera egin zuen.

Gorka Landaburuk ere hartu zuen hitza. «Hitz egin genezake herri honetan Martxeloren moduan torturatuak izan diren kazetariez, Galdeano bezala hil dituztenez, nire antzera atentatu batean hilzorian izan direnez, ETAk jazarri dituenez... baina aldaketarako garai hauetan gaudenez, nahiago dut beste herrialde batzuekiko elkartasuna azaldu», eta Ricardo Gonzalez Alonso kubatarraren eskutitz bat irakurri zuen.

Gose greban dauden kurduak

Euren eskubideen defentsan egun gose greban dauden preso kurduak gogora ekarri zituen Laura Mintegik, «Azadija welat» egunkariko langileen egoera salatuz. Bertako hamabost bat kazetari hil dituzte jada. Orain bi urte bertako zuzendaria gonbidatu zuen Euskal Herrira Pen Klubak. Hark alde egin behar izan zuen eta ondoren izendatutakoa preso dago; 60 egun daramatza gose greban. Karlos Zurutuza kazetariak ere poeta kurdu baten lana irakurri zuen eta Gari Berasaluzek, berriz, «munduko kartzela handiena bihurtu duten» Gaza izan zuen gogoan.

Preso egon diren, jarraitzen duten edo dagoeneko hilik dauden edo hil dituzten euskal herritar mordoxkaren testuak entzuteko aukera ere izan zen. Iñaki Egañak Bernard Goienetxe Matalaz, Eustakio Mendizabal Txikia eta Telesforo Monzon berpiztu zituen; Juan Karlos Izagirrek, Lauaxeta; Marian Bilbatuak, irakurraldia entzuten ari zen Oier Gonzalezen narrazio bat irakurri zuen, «seme-alabak preso dituzten amak gogoan»; Mitxel Sarasketak, Aratz Estonba; Fito Rodriguezek eta Gari Berasaluzek Mikel Antzaren «Atzerri»-ko pasarte bana; Infozazpiko Maite Bidartek, Joseba Sarrionandia; Lander Garrok, Xabier Izaga; Eider Rodriguezek, Mikel Ibarguren.

Georgiako eta Alemaniako ahotsak ere entzun ziren. Petra Elserrek Bertol Brecht ekarri zuen eta Irlanda ere presente egon zen: Koldo Izagirrek Oscar Wildek kartzelan jasotako «guztiok gara maite dugunaren hiltzaile» irakaspena ekarri zuen; Lander Arbelaitzek, berriz, Bobby Sandsek komuneko paperean idatzi eta Mitxel Sarasketak kartzelan itzulitako «Egun bat nire bizitzan»-eko pasarte bat.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo